Nafarroa Bai

EAk asteartean erabakiko du NaBain jarraitu edo ez

Aralarren, EAJren eta independenteen «baldintza berriak» direla eta, asteartean EAren nazio batzarra bilduko da berriroNafarroa Baik aurkezpen ofiziala egin du, Eusko Alkartasunaren ordezkaritza gabe

Asun Fernandez de Garaialde, Jose Angel Agirrebengoa, Uxue Barkos, Patxi Zabaleta eta Manu Aierdi, atzo, NaBairen agerraldian. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Epilogoa asteartean izango da. Eusko Alkartasunak ordura arte atzeratu du Nafarroa Bai koalizioan jarraitu edo handik ateratzeko erabakia. Zirt edo zart, bide bat edo bestea hartzea beste erremediorik ez du, erdiko aterabiderik hartzeko modurik ez duelako izango. Aralarrek, EAJk eta independeeteek atzo berretsi zuten NaBai «hauteskundetarako aukera bakar eta esklusiboa» den bermea erakutsi behar duela EAk. Honek asteartera arteko denbora eskatu du. Izan ere, erabaki garrantzitsu hori EAren nazio batzarrean hartu behar dela azpimarratu dute.

Atzo goizean Euskadi Irratian aurreratu zuen Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ez zela alderdiko ordezkaritzarik izango NaBairen aurkezpen ofizialean.Handik gutxira, komunikabideei igorritako oharrean EAk argudiatu zuen EAJk, Aralarrek zein independenteek «baldintza berriak» jarri dituztelako, nazio batzarrari dagokiola horri buruz erabakitzea. Agirian gogorarazten du urtarrilaren 21ean EAko nazio batzarrak NaBain parte hartzearen alde egin zuela. EAk ondorioztatzen du beste hiru koaliziokideen exijentziek hilaren 21ean EAk hartutako erabakiaren edukia aldatzen dutela eta horregatik beste nazio batzar batera deitu du.

Urtarrilaren 21ean bertan, EAJk, Aralarrek eta independienteek Nafarroa Bairi buruzko agiri bat izenpetu zuten. Ezker abertzaleari erreferentzia eginez, bertan beste alderdiren batek koalizioarekin bat egiteko nahikoa baldintzarik ez zegoela adierazten zen. EAk ez zuen testu hori onartu, Aralarreketa EAJk hauteskunde zerrendak osatzeko irizpide aldaketekin ezadostasunak zituztela argudiatuta.

Alabaina, asteazken goizean, koalizioko beste hiru kideek exijitu zioten ezker abertzalearekin hitzartutako akordioetan «berehala» Nafarroari dagozkion konpromiso oro baliogabetzeko, bereziki Euskal Herria Ezkerretik akordioari dagozkionak. Egun horretan bertan, EA urtarrilaren 21eko akordioa izenpetzeko prest agertu zen eta NaBairen aldeko konpromisoa berretsi zuen. Hala ere, koaliziokideen ustez erantzun hori ez zen nahikoa eta ezker abertzalearekin Nafarroaren inguruan dituen konpromisoak bertan behera uzteko berretsi zioten. Testuinguru horretan etorri zen atzo EAren erantzuna.

EArik gabeko aurkezpena

Eusko Alkartasunako ordezkaririk gabe, alde zaharreko eliz dorre baten eguerdiko kanpai hotsekin ekin zioten EAJk, Aralarrek eta independente talde batek Nafarroa Bairen aurkezpen ofizialari Iruñeko Maisonnave hotelean.Ikusmina handia zen kazetarien artean, eta aurpegi serioak nabari ziren koalizioko kideen artean. Aurkezpen mahaian eseri ziren Aralarreko Patxi Zabaleta eta Asun Fernandez Garaialde, EAJko Jose Angel Agirrebengoa eta Manu Aierdi eta independienteen aldetik, Uxue Barkos, Paula Kasares eta Patxi Leuza.Agerraldian izan ziren, besteak beste, Aralarreko Txentxo Jimenez eta AritzRomeo.

Lehen adierazpenetan, Uxue Barkosek ukatu egin zuen Eusko Alkartasunari ultimatuma egin zaiola. «Urtarrilaren 28a da NaBaiko kideok gure buruei jarri diegun data, hauteskundeei begira gure konpromisoa adierazteko eta konpromiso horretan, gure sinadurak daude. Orain EAk berretsi eta ontzat joko duen zain gaude». Bere ustez, EAk «zilegitasun osoa» du bere barne organoetan egoera aztertzeko: «Batzuk exijentzia berriak direla diote, baina berez bermeen eskerak dira. Oso logikoak eta esparru guztietan ulertzen direnak». EAk Nafarroa Bairi «baiezko erantzuna» emateko itxaropena agertu du Barkosek.

EAk oharrean adierazitakoari erantzunez, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinadoreak ukatu egin du baldintza berririk ezarri zaiola Eusko Alkartasunari. «Jada EArekin hitzartuta dugunaren berme fidagarria exijitzen dugu. Hori argi utzi nahi dugu». Zabaletaren irudiko, hauteskundeak ez dira «prozesu baten amaiera», baina gizarte baten bilakaeran atal garrantzitsua izaki, «erabaki bat hartzera» behartzen duela deritzo: «Hemen gaudenok erabaki duguna eta exijitzen duguna da bere aukera bakarra eta esklusiboa dela bermatzeaEAk».

Iragan astetik hona, exijentzia horiek zergatik aldatu diren galdetu diete kazetariek, eta Zabaletak erantzun du bermeak ez direla aldatu: «Bermeak idazteko eran osagarriak aldatu dira. Ez dago baldintza berririk», zehaztu du. Zabaletaren irudiko, exijentzia horrek ez du «ez EAren ez inoren» askatasuna baldintzatzen. Bere ustez, EAk koaliziokideei «baina batez ere hauteslegoari ziurtasun osoa» eman behar dio NaBairen aldeko hautua egiten duela. Bere ustez, koalizioak ezingo luke bozetara modu egokian aurkeztu EAk beste indar batzuekin beste mota bateko akordioak dituela jakinda: «Politikoki eta hauteskundeei begira ez litzateke onuragarria», arrazoitu du Nafarroa Baiko eledunak.

Arerioak zein diren argi

Aurkezpenean zehar hiru aldiz nabarmendu du Patxi Zabaletak hauteskundeetan Nafarroa Bai dela eta izango dela Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko aukera politikoa eta bermea. «Argi dauka NaBaik bere arerio politikoa nor den: UPN, PP eta gobernuan lagundu dioten guztiak», aipatu du. Bere ustez, Nafarroan UPNk ezarritako haserre girotik ateratzea, ustelkeria errotik moztea eta gobernuaren jarduteko moduetan erabateko austeritatea ezartzea beharrezkoak dira.

Bere ustez, arerio politiko guztiek eta politika egiten duen orok merezi dute errespetua, baina argi dute politikoki nortzuk dituzten lehiakide nagusiak: «Ez dugu inolaz ere huts egingo arerioak zein diren adierazten, baina ez diegu erantzunen egin zaizkigun irainei», gaineratu du.

Zabaletak azaldu du Nafarroa Baik «egitarau zabal eta sakona» duela eta eztabaida politikoan eduki horiek azpimarratu nahi dituzte. «Hori da Nafarroak behar duen aterabide politikoa. Horregatik zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, eutsi egingo diogu hauteskundeak irabazteko lehiari. Herritarrek esanen dute, herritarrek erabakiko dute», aipatu du. Argi utzi nahi izan du Nafarroa Baik hauteskundeak irabazten ez baditu, Nafarroan ez dela aldaketarik gertatuko.

Jose Angel Agirrebengoa EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea atzo labur mintzatu zen. Navarrometro inkestaren arabera, Nafarroan aldaketa politikoa bermatu dezakeen indar bakarra NaBai dela argi utzi nahi izan du. Azken astean «bilera eta eztabaida luzeak» izan dituztela onartu du, baina NaBaik hauteskundeetarako lasterketari ekin diola dio. Lehia horretan, berandu hasten direla deritzo, baina ez du zalantzarik UPNri aurre egiteko moduan ailegatuko direla maiatzera. «Beti jarri izan dugun gogoekin egingo dugu».

EAk hartzen duen erabakiaren zain, zerrendak osatzen hasiko direla aipatu du baita ere Uxue Barkosek. Alabaina, asteartera arte zerrenda bat bera ere ez dela itxiko argi utzi nahi izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.