EAk berrehunen bat kide bildu ditu gaur, Donostian, igandeko hauteskundeetarako EH Bilduri babesa emateko, bere ibilbidearekin eta sorrerako irizpideekin "koherentea" delako proiektu horretan parte hartzea. Autodeterminazio eskubidea, gizarte justuagoa lortzeko jarrera aurrerakoia, giza eskubide guztien defentsa eta helburu politikoak lortzeko bide politikoen erabilpena aipatu dituzte.
2010ean itun estrategikoa sinatu zuten EAk eta ezker abertzaleak, eta geroztik etorri dira Bildu, Amaiur eta EH Bildu koalizioak, beste eragile batzuekin batera —Alternatiba eta Aralar haien koaliziokide dira—. EAk uste du bakea lortzeko pausoa eman dutela indar metaketa horiek.
Horregatik guztiagatik "EA inoiz baino biziago" dagoela esan dute, eta Euskal Herriaren etorkizunaren diseinuan modu aktiboan ari dela parte hartzen. Independentzia aldarrikatu dute. "Autonomismoaren 30 urteko aroa bukatzeko garaia heldu da".
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak esan du gaurko agerraldia ez dela izan Hamaikabat-ek eta EAJk igandean egin zutenaren erantzun bat. Hain zuzen, igandean ”EA eta H1!-eko ordezkari eta agintari ohi” batzuek EAJrekin ”besarkada” ekitaldia egin zuten Donostian. Tartean ziren Iñaki Galdos edo Inaxio Oliverik. 53 lagunek eman zuten "babes" atxikimendua. Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak Eduardo Txillida eta Jorge Oteza artistek bere garaian emandakoarekin alderatu zuen ekimena.
"Bistan da EH Bildu EAJri urduritasuna eragiten ari zaiola", adierazi du Urizarrek.