EAko eta Batasuneko hainbat ordezkari egon ziren Osoko Bilkuran gonbidatu gisa, Nazio Eztabaidaguneak abiatu duen prozesu berriari bultzada eta babesa adierazteko. Rafa Larreina eta Begoña Errazti EAkoak eta Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena Batasunekoak, hain zuzen.
EAko presidente Begoña Erraztik «ezinbestekotzat» jo zuen Biltzarra, Euskal Herriko gatazka konpontzeko bide berriak jorratu eta konponbideak bilatzeko. «Bakea lortu arte, bide guztiak zabalik daude, eta hau ere ezinbestekoa da», esan zuen. Gatazkari irtenbideak eman nahi dizkion tresna den heinean, oso baikortzat jo zuen, eta aurrerantzean lana egitea baino ez dela geratzen gaineratu zuen. «Denon arteko bilgunea topatuko dugun eremua bilatzen jarraitu behar dugu; ez dakigu hau izango den edo beste foro bat, baina saiatzen jarraitu behar dugu».Arnaldo Otegik ere oso baikortzat jo zuen orain arte eztabaidaguneak egindako lana. «Eztabaida eta akordiorako nazio mailan sortutako gune batek garrantzi handia izango du datorren urte politikoan. Baina proposamenetik haratago, garrantzitsuena izan da aukera izan dela askotariko eragile ugari elkartu, eztabaidatu eta adostasunera iristeko», azaldu zuen Otegik.Otegik nabarmendu nahi izan zuen askotarikoek parte hartu dutela prozesuan eta gai izan direla diagnosi bat adosteko eta proposamen zehatz bat egiteko: «Abertzaleak diren alderdiek bederen parte hartu dute, zeharka bada ere, dinamika honetan».«Nazio eraikuntzan egongo gara horretan sinesten dugunak, baina gatazkaren konponbidean garrantzitsua da denak egotea,eta ziur nago denak egongo garela», esan zuen, azkenik.
NAZIO EZTABAIDAGUNEA
EAk eta Batasunak babesa eman diote Nazio Biltzarrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu