Eusko Alkartasunako eta ezker abertzaleko ordezkariek bilera bat egin dute Iruñean, eta berretsi dute Nafarroan aldaketa politiko eta soziala behar dela. Aldaketa lortzea premiazkoa dela erran dute taldeok. Horretarako, aldaketa horren aldeko dinamika indartzeko, hain zuzen ere, ezinbertzekotzat jo dute «eremu aurrerakoi, ezkertiar eta abertzalea egituratzea». Hori, gainera, «inolako bazterketarik gabe» egin behar dela azpimarratu dute EAko eta ezker abertzaleko ordezkariek, elkarrekin adostutako prentsa ohar batean.
Egungo egoera politikoa aztertzeko eta datorren hausteskundeen ondorioz sor daitekeen egoera politiko berriari buruz hitz egiteko egin dute bilera. Alde horretatik, lehendabiziko aldiz 2011ko Nafarroako hauteskundeei buruzko beren iritziak elkarri azaltzeko aukera izan dutela ezagutarazi dute, eta, horretaz gain, hauteskundeei begira dituzten informazio eta agiriak partekatu dituztela.
«Esparru politikoan, ekonomikoan eta instituzionalean behar den aldaketa lortzeko eztabaida irekiak eta aberasgarriak egiteko beharra dago», gaineratu dute EAko eta ezker abertzaleko kideek. Uste dute, halaber, kontuan hartuta Nafarroa nola dagoen gaur egun, akordioak lortzeko garaia dela: «Gure herriak akordio zabalak behar ditu, eta eduki argikoak», nabarmendu dute EAko eta ezker abertzaleko ordezkariek, prentsara igorritako oharrean.
EAk eta ezker abertzaleak aldaketa politikoaren beharra berretsi dute
Ezinbertzekotzat jo dute eremu abertzale eta ezkertiarra egituratzea, «bazterketarik gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu