Pello Urizar EAko idazkari nagusiak jakinarazi du bere alderdiak euskal instituzioetan bi maila baino ez dituela nahi: "Nazionala eta lokala". Ondorioz, erakundeetako egituraketa aldatu beharra dagoela adierazi du Bilbon emandako hitzaldi batean, eta ohartarazi du "Espainiako Gobernuak, krisi ekonomikoa baliatuz, estrategia berzentralizatzea" daukala, erkidegoen kaltetan.
Hain justu, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundetze eredua aztertzen ari da Eusko Legebiltzarra. Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak lehengo astean zioen egitura instituzionalari buruz hausnartu beharra dagoela.
Jaurlaritzak urtarrilaren 11n esan zuen EAEko erakundeetako eskumen bikoizketek gutxienez 403 milioi euroko gastua eragiten diotela erkidegoari. Manu Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak eta Carlos Agirre Ekonomia sailburuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetako bikoizketei eta "eraginkortasun gabeziei" buruzko txostena aurkeztu zuten. "Euskadi txikiegia da gauza guztietatik hiru izateko”, zioten.