nafarroa

EAk NaBain segitzeko ahalegina egingo du, baina ez dago prest baldintzak onartzeko

Pello Urizarrek hauteskunde zerrenden prozesua gelditzeko eskatu die Aralar, EAJ eta independenteei, baina haiek baztertu egin dute eskaera. Maiorga Ramirezek esan du EAk ez diela sekula baldintzarik jarri Aralarri eta EAJri.

2011ko otsailaren 3a
17:26
Entzun
Atzo Aralar, EAJ eta Nafarroa Baiko independenteen multzo batek EA maiatzeko bozetarako koaliziotik kanpo kokatu zuten arren, EAk gaur jakinarazi du NaBain segitzeko ahaleginak egingo dituela. Hori bai, haiek berari "errespetua" izan diezaiotela exijitu du, Pello Urizar idazkari nagusiak Iruñean emandako prentsaurrekoan nabarmendu duenez.

NaBaiko hiru eragile horiek EAri baldintza gisa eskatu diote utz ditzala "Batasunarekin" Nafarroara begira dituen akordioak eta "soilik NaBairen aldeko apustua" egin dezala. Urizarren ustez, horrek EAren "subiranotasunari eraso" egiten dio, eta adierazi du ez daudela prest haien baldintzak onartzeko. "Guk ez ditugu gure helburu estrategikoak zalantzan jarriko. NaBai zatikatu nahi dute [Aralar, EAJ eta NaBaiko independenteek]".

Aralar, EAJ eta NaBaiko independenteak gaur hasi dira, EA gabe, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak osatzen, baina Urizarrek eskatu die prozesu hori geldi dezatela, "konponbiderako aukera denak aztertzeko". EAko buruaren arabera, "borondatea baldin badago, akordioa lortzeko astia badago". Aralar eta EAJk, ordea, baztertu egin dute haren eskaera.

"EAri esan beharrekoa esana diogu ofizialki, gutun bidez", adierazi du gaur eguerdian Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak, EAren prentsaurrekoaren ondotik. "Gauzek muga bat dute eta gure idatzian ez dago atzerabueltarik", esan du Jose Angel Agirrebengoa herrialdeko EAJko buruak.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak nabarmendu du bere alderdia "parte garrantzitsua" dela NaBain, "eta helburu nagusia Nafarroan aldaketa politikoa lortzea bada, batu egin behar da eta ez EA bidali". Adierazi du aspaldi jarriak direla ados 2011ko bozetarako NaBairen antolaketaz eta haren programa eta politika irizpideez, eta ez duela ulertzen eurei Aralarrek-eta baldintza jarri izana orain. Ramirezek gogoratu du EAEn 2007ko udal eta foru hauteskundeetan Aralarrek EBrekin koalizioa egin zuela eta EA ez zela kexatu NaBai barruan horregatik; EAJk Espainiako Gobernuarekin lan erreformaz-eta orain lortu dituen akordioak ere aipatu ditu, baina EAk Nafarroarako ez dituela baldintza gisa ipini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.