Polizia indarkeria

EAk polizia indarkeriaren biktimen legearen erreforma aztertu nahi du oinarriekin, biktimekin eta adituekin

Legearen moldaketa Eusko Legebiltzarrean bozkatu aurretik, erreforma hainbat eragilerekin aztertzea proposatuko dio EH Bilduri. Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak defendatu du "biktima guztiak berdinak" direla, eta legeak "guztien bizipenak" jasoko dituen kontakizuna eraikitzeko balio behar duela.

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusia (eskuinean) eta Maddalen Iriarte EH Bilduren parlamentari taldeko bozeramailea (ezkerrea), agerraldi batean. JUANAN RUIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko abuztuaren 4a
13:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak polizia gehiegikerien biktimen legea moldatzeko urratsak egitea adostu zuten, Madrilek legearen kontrako helegitea indargabetzearen truke. Bi gobernuek uztailaren 24an egin zuten bitariko bileran lortu zuten akordioa: Espainiako Gobernuak erretiratu egingo du aurretik Rajoyren gobernuak legeari jarri zion helegitea eta Jaurlaritzak zenbait moldaketa bultzatuko ditu legean, haren "segurtasun juridikoa" sendotzeko.

Zehazki, legeak eratzea aurreikusten duen Balorazio Batzordeari dagozkio aldaketa nagusiak. Batzorde horrek du babes eskaera aurkezten dutenei biktima izaera aitortzeko ardura. Batzorde horrek Espainiako Justiziaren eskuduntzetan esku hartzen duela salatu zuen PPren gobernuak Auzitegi Konstituzionalean. Hori hala ez dela argi uzteko moldaketak proposatuko ditu Jaurlaritzak. Alegia, legearen helburua ez dela giza eskubideen urraketa horien egileak identifikatzea, baizik eta biktimen aitortza eta erreparazioa egitea. Moldaketa proposamen hori, baina, Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du.

Lege erreforma dela-eta zein jarrera hartu erabaki aurretik, moldaketa hori oinarriekin, biktimekin eta adituekin aztertzea proposatuko dio EAk EH Bilduri. Hala adierazi du gaur Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak. Haren esanetan, legeak ez luke soilik biktimak aitortzeko balio behar. Aitzitik, biktima guztien "bizipen guztiak" bilduko dituen kontakizuna eraikitzeko baliabidea izan behar du. "Guk beti defendatu dugu biktima guztiak berdinak direla, biktimen tokian jarri behar garela, eta enpatia ariketa egin behar dela".

Ruiz de Eginok bozka erabaki aurretik proposamena alde desberdinekin aztertzearen garratzia nabarmendu du. "Ekintzen zergatiak eta egindako bidea azaltzeko gaitasuna izan behar da".

EAEn 1978 eta 1999 artean jatorri politikoko indarkeriaren giza eskubideen urraketen biktimak aitortu eta ordain emateko legea 2016ko uztailean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. EAJk eta PSE-EEk babestu zuten, PPk eta UPDk kontra bozkatu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen, Espainako Estatuaren indarkeria ekintzak argitzeko ahalegin handiagoa egin behar zela argudiatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.