Konponbide prozesua

EAk prozesu politikoarekin segitu behar dela esan dio PSE-EEri

Bi alderdiek bilera egin dute gaur, Bilbon. PSE-EEk adierazi du Batasunarekin elkarrizketa "moztuta" dutela eta EAk haiekin ere hitz egiteko eskatu die.

2007ko otsailaren 21a
16:46
Entzun
PSE-EEk eta EAk ordubete pasako bilera egin dute gaur goizean egoera politikoa aztertzeko, Bilbon, sozialisten egoitzan, eta bertan EAk PSE-EEri eskaera egin dio: ETAk Madrilen abenduaren 30ean atentatua egin arren -bi lagun hil ziren-, "prozesu politikoarekin segitzea beharrezkoa" dela eta horrek, besteak beste, Batasunarekin hitz egin behar dela esan nahi duela.

PSE-EE azkeneko gai horretan ez dago ados; izan ere, haien ustez, Madrileko atentatuagatik ezker abertzalearekin elkarrizketa "moztuta" dute beraiek. "Inolako harremanik ez dugu ETArekin eta ezker abertzalearekin atentatuaz geroztik eta, elkarrizketari berriro ekiteko, indarkeria behin betiko bukatzea beharrezkoa da".

EAk gaurko bileran PSE-EEkoei esan die "gatazka politikoa" dagoela eta hori konpontzeko gakoa, "Euskal Herriaren aitorpena eta erabaki eskubidea" direla.

Sozialisten aldetik Patxi Lopez, Rodolfo Ares eta Jose Antonio Pastor izan dira batzarrean, eta EAtik Begoña Errazti, Joseba Azkarraga eta Unai Ziarreta.

Ziarreta: "Espainiako Gobernuak eta Batasunak harremanak dituzte"

Gaurko batzar horretan aurretik, Ziarreta EAko idazkari nagusiak ETB2n El Punto saioan adierazi du gaur egun Batasunak eta Espainiako Gobernuak "maila guztietan harremanak" dituztela. "Agerian geratu da Espainiako Gobernuak elkarrizketa bidezko prozesuaren aldeko apustuari eutsi diola eta hori garrantzitsua izango da Batasuna hauteskundeetan, modu batera edo bestera, egon ahal izateko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.