EAk uste du bozak aurreratu egingo direla

Urizarren esanetan, PPk gero eta gehiago estutuko du PSE-EE, eta 2013ko bozak aurreratzea eragingo du

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Pello Urizar EAren idazkari nagusia seguru dago Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egingo direla. «2013a baino lehen izango ditugu hauteskundeak, PPk PSE-EE estutzen jarraituko duelako», adierazi du Radio Popular irrati kateari emandako elkarrizketan.

Urizarren ustez, PPk gero eta presio gehiago egingo dio PSE-EEri, eta Alderdi Sozialistak «aztertu egin beharko du agonia politika horrekin jarraitzea komeni zaion». Izan ere, EAko buruaren hitzetan, gero eta ageriago geratuko da Patxi Lopez lehendakaria «PPren esku dagoen txotxongiloa» dela. Gainera, ohartarazi du hemendik aurrera ez duela Espainiako Gobernuaren «babesik» izango.

«Bakarrik, ondo irabazita»

Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, Patxi Lopez «bakarrik dago». Eta esan du «ondo irabazita» dagoela bakarrik; hark hala nahi izan duelako. Lopezen beraren taldeko «sailbururen bati» ere lehendakaria bakarrik dagoela esaten entzun diola adierazi du Ortuzarrek, Radio Euskadin egindako elkarrizketan. «Bere jarduerarik ezagatik dago bakarrik; bere ekintzarik ezagatik», esan du; «eta hautagai sozialista moduan aritu delako, lehendakari gisa jardun beharrean».

Ortuzarren esanetan, guztiengandik «urrunduz» joan da lehendakaria; «euskal herritarrengandik urrundu da, eta bere lehentasunezko bazkidearengandik ere urrundu da», esan du PPri buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.