Hamaikagarren Poesia Egunak izango dira aurtengoak, 2004an ekin baitzioten Ean (Bizkaia) poesia eta literatura ardatz duten jardunaldiak antolatzeari. Denbora horretan, hasierako ezaugarriei eutsi diete antolatzaileek: auzolanean oinarritutako jarduera da, bere txikitasunean bakarra eta berezia, idazleen eta herritarren arteko harremana sustatzen duena, eta literaturaren eta, oro har, artearen gainerako adierazpideak baztertzen ez dituen arren, poesia lehenesten duena.
Aniztasuna ere bada Eako Poesia Egunen ezaugarria, eta hori nabarmentzen da aurtengo egitarauan ere. Beti bezala, Gabriel Arestik leku berezia izango du: bi hitzaldi antolatu dituzte haren lana berrirakurri eta aztertzeko, eta Gabrielen lekua: sentikaria izeneko ikuskizuna eskainiko dute, egitasmo horren azken emanaldietako batean.
Poesia errezitaldi batzuk antolatu dituzte, bat Koldo Izagirreren eskutik, eta bestea, aurten argitaratu diren poesia liburuetako batzuk plazara ekarriko dituena. Musikak lekua izango du Imanol Epelde rap kantariarekin, Joseba Irazokirekin eta Bide Ertzean taldearekin. Ekitaldirik berezienetako bat uztailaren 12ko Mu-to: Txinarako tunel bat zulatu izango da: Laida Azkona dantzariak dantza garaikidea eta literatura uztartuko ditu. Eider Rodriguezen hitzaldiak, Iñigo Astiz eta Mikel Aierberen Hondakindegia ikuskizunak eta bestek osatzen dute egitaraua.