Eusko Alkartasunaren Euskadiko Batzorde Eragileak ongi-etorria ematen dio Euskal Herrian zabaldutako aro politiko berriari. Ilusioak, itxaropenak eta, batik bat, politikak ezaugarrituko duten aro berriari, alegia.
Egia da egin beharreko bidea egon badagoela, baina ETAk atzo emandako urratsak bide horri hasiera eman dio, eta horrela jaso eta aintzat hartu behar dugu.
Aro politiko berri batean ez ezik, Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrentzat historikoa den aro berri batean ere sartzen ari gara, eta ezinbestekoa da guztiok une honek eskatzen duen arduraz jokatzea eta neurria ematea. Denok argi dugu gatazka armatuaren amaiera sekulako aurrerapausoa dela familia askorengan mina eta sufrimendua eragin duen indarkerietariko baten amaiera ekartzeko.
Ziur gaude ETAren amaiera itzulezinak euskal gatazka politikoa bere dimentsio osoan hartzeko aukera emango duela. Eusko Alkartasunatik beti salatu dugu ETAren jarduera armatua zela independentismoak aurre egin behar zion oztopo nagusia, eta orain, oztopo hori gainditu ondoren, demokrazian sakontzeko eta politika maiuskulaz egiteko unea dator.
Bukatu dira aitzakiak estatuen inmobilismoari eusteko. Ez dago inongo arrazoirik ez giza eskubideen arloan errepresio politikarekin jarraitzeko, ez euskal gizarteak bere etorkizuna erabakiko duen prozesu politiko bati heltzeko ezezkoarekin jarraitzeko.
Giza eskubideei dagokienez, presazkoa eta beharrezkoa da Gernikako Akordioak eskatutako neurri guztiak betetzea. Espetxe legedia ez betetzeak inoiz ez du zentzurik izan, baina gaur zeharo onartezina da bai euskal presoen eskubideak ukatzea bai buruzagi politikoak espetxean egotea.
Gaur bezalako egun batean ezinezkoa da biktimak gogoan ez izatea, azken hamarkada hauetan Euskal Herrian sekulako mina eragin duten indarkeria guztien biktimak, hain zuzen ere. Guzti-guztiak gogoan ditugu. Gatazkaren amaierak biktimen aitortza eta erreparazioa ekarri behar du eta zauriak itxi behar ditu, betiere zauri berriak irekiko ez direla bermatuz. Bestela, ezinezkoa izango da etorkizunari begiratzea.
Gogoan ditugu, baita ere, une honetaz gozatzeko jada ez daudenak, haien borroka politikoan oraingo egoera hau ahalbidetzeko helburuarekin jardun eta gero.
Lokarrik antolatutako Nazioarteko Konferentzian parte hartu zutenek argi utzi zuten moduan, eta Eusko Alkartasunak beti aldarrikatu duen moduan, gatazka politikoaren konponbide politiko integral batek bakarrik konponduko du behin betiko gatazka politikoa.
Gatazka politikoa behin betiko konpontzeko unean gaude. Alferrik gal ez dezakegun aukera historiko baten aurrean gaude. Aldaketa politikorako prozesu honetan euskal gizarteak izan duen protagonismoa aitortu eta nabarmendu behar dugu, eta euskal gizarteak ez digu utziko aukera hau alferrik galtzen.
Gizarteak bakea nahi duela erakutsi du, eta hori lortzeko behar izan den lanean murgildu da. Bera izan da eragile politiko, sindikal eta sozialak helburu horri begira ahalegin guztiak egitera bultzatu dituen motorra.
Puntu honetan, euskal gizartearen gehiengo osoaren oniritzia duen eta Eusko Alkartasunak defendatzen duen prozesu politikoak Tony Blair bezalako estadisten, Kofin Annan bezalako nazioarteko adituen eta astelehenean Donostian izan ziren gainontzeko adituen abala duela nabarmendu behar dugu.
Hau da, prozesu politikoa ez da independentismoak independentismoarentzat eskatzen duen zerbait. Prozesu politikoa demokrazian sakontzea da, euskal gizartea bere etorkizunaren jabe izan dadin betorik gabe eta inor baztertu gabe erabakitze aldera.
Eusko Alkartasunak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, ziur baikaude gatazkaren konponbidea, behin betikoa eta zuzena, gertuago dagoela, atzo horretarako beharrezkoa zen urratsa ofizializatu zelako. Esan dugu jada, beste urrats asko falta dira oraindik, eta behar-beharrezkoa da orain arte inmobilismoan egon direnak urrats horiek ematen has daitezela.
Orain bai. Behin betiko, bai. Euskal Herriaren etorkizunaren gaineko erabakia euskal gizartearen eta bere ordezkari zilegiak diren alderdi politikoen eskuetan dago.
EA, 2011ko urriak 21