EBk 13 milioi eurotan apalduko du Akize-Gasteiz AHTarentzako diru saila

Finantzabide pribatuak aurrekontuen erdia zuen lehen, eta herena izango du orain; horixe salatu du CADEk

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunak AHTaren Akize-Gasteiz atalerako diru saila 13 milioi euro murriztu du. Atal horretan AHTaren ikerketa eta lanek epeetan duten atzerapena nabarmendu du Europak. Horretan oinarritu da diru sailak murrizteko. Hala ere, bi urtez luzatu du ikerketa, eta lanetan europar funtsak baliatzeko epea, 2015ra arte. Europako funtsetatik jaso behar zen diru saila 70 milioi euro zen orain artean.

Euskal Yari dagokionez, Akize-Gasteiz atalean «mugaz gaindiko» arazo bat dagoela onartu dute Ines Ayala (PSE) eta Izaskun Bilbao (EAJ) Europako Parlamentuko diputatuek. Akize-Gasteiz loturarekin bat egiten du Euskal Y-ak.

Gaur egun egiten ari diren xedeei Europak 331 milioi euro murriztu dizkie orotara, Ayalaren iritziz, eta Europak bertan behera utzi ditu xede horiek, 2014ko irizpideak aztertu aitzin. «Europako sareetan arazoak eta atzerapenak daudela dirudi, baina ez zaie aterabiderik ematen arazo horiei», erran du Ayalak. Hastapenetik Euskal Y-ak «mugaz gaindiko» arazoa daukala nabarmendu du Bilbaok. Atzerapenak gaizki ulertze eta desadostasun horien ondorioak direla azaldu du. «Frantziaren aldean arazoak daude, baina lan egingo dugu hori konpontzeko». Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak, bestalde, aditzera eman du EBk egindako partida murrizketak eragin «mugatua» izango duela egitasmoan.

Inbertsio pribatua herenera

Finantzaketa arloan uste baino arazo gehiago daudela azpimarratu du ingurumenaren alde diharduen CADE elkarteak, oro har, Frantziako atalari dagokionez, bai eta Lapurdiko atalaren bideragarritasunari dagokionez ere.Finantzaketa AHTaren xedea kolokan ezar dezakeela nabarmendu du CADEk. Lapurdiko atala egin aitzin, Frantziako Bordele-Tours atala nola finantzatuko duen ebatzi du Frantziak. 2006an ebatzi zuen aurrekontuan honako banaketa hau finkatu zuen Estatuak: RFF konpainia publikoak eta eragile pribatu batek xedearen erdia ordainduko zuten, Europako Batasunak %0,21, Estatuak %25 eta tokiko erakundeek %25. Kopuruak berrikusi dituzte, eta eragile pribatuek egitasmoaren %55 ordainduko dute.

Alta, diru sail horretan Vinci eragile pribatuak %29,10 ordainduko du, eta RFFren esku geldituko da %26,30 ordaintzea. CADEren iritziz, salagarria da erakunde publiko baten diru ekarpena eragile pribatuen atalean kokatzea. Gainera, deialdi publikoaren ondotik, enpresek trenbideak erabiltzeagatik ordaintzen duten bidesaria eskuratuko du osoki Vinci enpresak. «Gure zergatatik ordainduko dugu behar ez den xedea, eta, gainera, horrek eragin litzakeen etekin apurrak eragile pribatu batek eskuratuko ditu, zorrak gure bizkar direlarik», erran du Victor Pachon CADEko presidenteak.

Bertze arazo bat ere nabarmendu du CADEk. RFF konpainiak sei mila milioi euro galtzen ditu urtero. Orain artean hamahiru mila milioiko galerak metatu ditu; horiek gordetzeko asmoz, batzuetan Frantziaren zorretan agertzen da kopuru hori,eta bertze batzuetan, RFFren kontuetan. Jokabide hori amaitzeko eskatu die Europako Batasunak.

Zalantzak ugaldu

AHTaren xedea auzitan jartzen duten bakarrak ez dira ingurumenaren aldeko elkarteak. «Hobe litzateke AHT lerro bat gutxiago egitea, horrek balio baleza egungo sarea hobetzeko», Guillaume Petit SNCFeko presidenteak egin zuen adierazpen hori, uztailaren 5ean. Pachonen iritziz, SNCFeko presidenteak zalantzan ezartzen badu AHTaren bideragarritasuna, eredu baten bukaera dela adierazten du. SNCFeko txostenek argi diote gaurko bideek ez dutela saturazio arriskurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.