Arrasateko (Gipuzkoa) EB-Zutik koalizioak EAE-ANVren kontrako zentsura mozioa babesteko asmorik ez duela-eta, EBko eta IUko zuzendaritzek "berehala" atzera egiteko exijitu die Arrasateko EBko militanteei, eta mozioa babesteko. "Bestela, akats politiko larria egingo dute. IU eta EBko afiliatu gehien-gehienek mozioa babestea nahi dute", diote.
Arrasateko EBko batzarrak hartu du mozioaren alde ez egiteko erabakia, eta EBko zuzendaritza nagusia prest dago estatutuak aldatzeko, halako erabaki bat herri batengan soilik gera ez dadin. EBk maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean egingo du Batzar Orokorra, eta hor aldatu nahi dituzte estatutuak.
Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen (EAE-ANV) kontrako zentsura mozioa ez da onartuko, baldin eta Arrasateko udaleko taldeek egungo jarrerari eusten badiote hilaren 24ko udalbatzarrean.
ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia hil izana ez zuten gaitzetsi Arrasateko ANVko udal taldeak, eta horren harira, Galparsoro alkatetzatik kentzeko zentsura mozioa proposatu zuen PSE-EEk. EAJk, PPk eta EAk bat egin dute ekimen horrekin -EAk Arrasaten bakarrik; beste herrietan ez dago zentsura mozioaren alde-. Aldiz, EB-Zutik koalizioa eta Aralar kontra agertu dira.
Zehazki, Carrascoren hilketa gertatu eta gutxira egin zuen Arrasateko EBk militanteekin batzarra zentsura mozioaren inguruan zer egin aztertzeko, eta bat ez egitea erabaki zuten, "bake eta normalizazio bidean aurrera egiteko" ez zela lagungarri iritzita.
Ordutik, zentsura mozioak babestearen aldeko jarrera argia hartu du EBren zuzendaritzak, eta ematen zuen Arrasateko taldeak jarrera alda zezakeela. Atzo iluntzean jakinarazi zuten, ordea, ez daudela zentsura mozioa babesteko prest.
EB-Zutikek onartu ezean, ANVko alkatearen kontrako zentsura mozioa ez da aurrera aterako. Izan ere, EAE-ANV (7), EB-Zutik (3) eta Aralarren (1) artean11 zinegotzi dituzte, eta PSE-EE (4), EAJ (4), EA (1) eta PPren (1) artean 10.
Politika
EBk "berehala" atzera egiteko exijitu die Arrasateko militanteei
Arrasateko EB-Zutik-en botok erabakigarriak dira EAE-ANVren alkatearen kontrako zentsura mozioa aurrera ateratzeko, baina ez babestea erabaki dute. EBk estatutuak aldatu nahi ditu, halakorik berriro ez gertatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu