Hiru urtetako eztabaiden ondoren, EB Europako Batasunak onartu du ahaztua izateko eskubidea arautuko duen legea. Erakundea osatzen duten 28 herrialdeetako justizia ministroek datu pertsonalak babesteko araudia onartu dute, eta tartean aitortu dute Interneten norberaren datuak ezabatuak izan daitezen herritarrek duten eskubidea.
Araudi berriarekin, kaltegarria izan daitekeen eta interesekoa ez den informazio pertsonala ezabatzeko eskatu ahal izango da. Eskatuz gero eta jaramonik egiten ez badiete kexa bat aurkeztu ahal izango dute herritarrek.
Austriak eta Esloveniak izan ezik, gainontzeko estatuek bozkatu dute aurkeztu dieten proposamenaren alde. Hala ere, Europako Legebiltzarrean aztertu beharko dute oraindik. Urtea amaitu aurretik indarrean jartzea espero dute. Aurreko araudia 1995. urtekoa da.
Araudiari jarraiki, Interneteko konpainiek erabiltzaileen "baimenarekin" soilik erabili ahal izango dituzte datu pertsonalak. Herritarren batek Interneteko enpresaren bati daturen bat ezabatzeko eskatzen badio, ezabatu egin beharko du. Legea beteko ez balute, milioi bat euroko zigorra jaso lezakete.
EBko herrialdeetako enpresei aplikatuko zaie legea, baina baita handik kanpokoei ere; Facebook eta Googleri, adibidez. Europako kontsumitzaileei euren zerbitzuak eskaintzen dizkien heinean, ahaztua izateko eskubidea errespetatu beharko dute.