EUROPAKO BATASUNA ETA INDEPENDENTISMOA

EBk "pragmatismoz" jokatu ohi du independentzia prozesuetan, Graham Avery adituaren arabera

Europako Batzordeko ohorezko zuzendariak uste du Europako Batasunaren funtzionamendua erraztu dezakeela estatu txikiagoen parte hartzeak.

John Edward Europako Parlamentuko ordezkari ohia (ezkerrean) eta Graham Avery Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea (eskubian). MARISOL RAMIREZ, ARP
jon olano
2014ko maiatzaren 8a
09:00
Entzun

Europako Batasunak independentismoarekiko izan duen jarrera eta konfederazioak berak estatu berrien sorreraren aurrean nola jokatu izan duen aztertu du Graham Averyk, Europako Politika Zentroak argitaratutako artikulu batean. Graham Avery Europako Batzordeko ohorezko zuzendaria eta Oxfordeko Unibertsitateko kidea da. Haren ondorioa da kide diren estatuak banatzea ezin dela ontzat edo txartzat jo.

Europako Batasuneko kide diren estatuetan gertatutako independentzia prozesuak aipatzen ditu lehenbizi, ohartaraziz ez dela gauza berria EBrentzat —Aljeria 1962an, Groenlandia 1980an—. Bada berria, ordea, estatu kide bat banandu eta EB barnean bi estatu izatea.

Zein jarrera izan du Europako Batasunak independentzia prozesuetan? Averyren esanetan, lehen erantzuna statu quo-aren defentsa eta independentzia prozesuekiko aurkakotasuna izan da. Baina prozesu hori burutu denean edo burutzear dagoenean, EB saiatu izan da konponbideak bilatzen. Montenegroko adibidea jartzen du Averyk: kasu horretan, hasieran, EB ez zen Serbia eta Montenegro banantzearen aldekoa, baina erreferendumaren baliotasunaren parametroak ezarri zituen gero. Beraz, Averyk ondorioztatzen duenez, hasierako kontrakotasunetik onarpen pragmatikora igaro ohi da EB.

Averyk gogorarazten du EB sei kide izatetik 28 izatera igaro dela, erakundeen erabakimenean blokeorik eragin gabe. Areago, uste du estatu kideak ugaritzeak erraztu dezakeela erabakiak gehiengoz hartzeko aukera. Adibide gisa jartzen du, gainera, estatu txiki-ertainek ez dietela betorik ezartzen gainerako estatu kideen erabakiei.

Autoreak Kataluniako eta Eskoziako prozesuetatik abiatuz idatzi du gogoeta. Euskal Herria behin aipatzen du, azaltzeko Europan badirela Kataluniakoaz eta Eskoziakoaz aparte mugimendu independentista gehiago, baina oraindik ez dutela estatu independentea sortzeko moduko mugimendurik eratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.