Ezusterik ez. EBZ Europako Banku Zentralak interes tasa orokorrak igotzen jarraitzeko asmoarekin jarraitzen du, eta aurten bigarren aldiz interes tasak beste %0,25 igo ditu, %4an uzteko. Jadanik, urte eta erdian bikoiztu egin du diruaren prezioa, baina EBZk ez du asmorik hor geratzeko. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak atzo agerraldi publikoan azaldu zuen oraindik ere euroguneko diru politika «eroso» izaten jarraitzen duela. Tricheten ahotan hori entzuteak esan nahi du hurrengo hilabeteetan igoera gehiago etorriko direla, eta ondorioz, igoera ez dela geratu.
2001eko abuztura atzera egin beharra dago diruaren prezioa %4an ikusteko. Duela sei urteko egoerarekin alderatuta, ordea, egoera bestelakoa da. Garai hartan, EBZk interes tasak jaisteko bidea hartu zuen, euroguneko ekonomia motelaldian sartzen ari zelako -egoera are gehiago okertu zen hilabete pasatu ondoren, irailaren 11an, New Yorken gertatu zen atentatuarekin-. Orduan, interes tasak jaisteari ekin zion kontsumoa suspertu eta ekonomia pizteko asmoz.
Orain egoera bestelakoa da. Frantzia eta batez ere Alemania lozorrotik ateratzen hasiak dira, eta EBZk ez du uste interes tasen igoerek ekonomia kaltetu dezaketenik: «Azken datuek erakusten dute euroaren eremuko ekonomiak duela urtebete espero zena baino erritmo handiagoan jarraitzen duela hazten». Hala, aurreikuspen ekonomikoek diote euroguneko hazkundea aurten %2,3 eta %2,9 bitartean egongo dela, eta datorren urtean, berriz, %1,8 eta %2,8 bitartean.
Jarduera ekonomikoaren datuak sendotzen jarraitzen duten heinean, orain EBZren kezka nagusia inflazioa da. Hala, atzo Trichetek adierazi zuen presioak «oso gertutik» zainduko dituela. Kontua hartu behar da EBZren helburu nagusia kontsumo prezioak kontrolpean edukitzea dela, eta EBZren gobernu kontseiluak uste du epe ertainera eta luzera inflazioaren gaineko presioak goranzkoak direla. Hala, euroguneko 13 herrialdeen KPI harmonizatua aurten %1,8 eta %2,2 bitartean egongo dela espero du; eta datorren urtean, %1,4 eta %2,6 bitartean.
Horren haritik, EBZ kezkatua ageri da «soldaten bilakaera espero baino handiago» izan daitekeelako, eta prezioen egonkortasuna «arriskuan» jar dezaketelako. EBZk ohartarazi du soldaten igoera gehiegizkoak saihestu behar direla, «azkenean inflazioaren igoera batera zuzentzen direlako, eta euroguneko hiritar gehienen eros ahalmena kaltetzen duelako». Horrekin batera, petrolioaren arriskuaz ohartarazi du. Azken bi hilabeteetan berriro ere Brent upela 65 dolarretik gora ibili da, eta atzo 70 dolarreraino igo zen.
IGOERA GEHIAGO. Azken urte eta erdian zortzi aldiz igo ditu interes tasak, eta epe horretan %2tik %4ra igo dira interes tasak. EBZk tasak igo dituen bakoitzeko Trichetek aipatu du diru politika «erosoa» izaten jarraitzen duela, eta mezu horrekin aditu denek ulertzen dute etorriko direla igoera gehiago. Aurten zenbat igoko dituen argitzerakoan, ordea, ez datoz bat adituak.
Aditu gehienek diote %4,5era igoko dituela EBZk tasak aurten, baina zenbat igotzen dituen baino igoera horren erritmoa garrantzitsuagoa dela deritzote: «Merkatuak %4,5era arteko igoerak kalkulatu ditu, baina garrantzitsuena da Trichetek ezartzen duen erritmoa», azaldu dio Juan Solana Intermoneyko adituak Eferi. Bere iritziz, igoera horrek ez dio Euriborrari eragingo, hipotekak kalkulatzeko tasa horrek aurretik barneratu egin duelako igoera hori. Julian Benavente Capital Marketeko adituak uste du irailera bitartean %4,25 arte igoko duela, eta urtea amaitu bitartean %4,5 arte ere igo daitekeela. Horren haritik, kalkulu bera egin dute beste hainbat adituk.
Kontsumitzaile elkarteek, berriz, uste dute EBZk %4,25 arte igoko dituela tasak. Enrique Garcia OCU elkarteko eledunaren ustez, ez du ondorio zuzenik izango kontsumitzaileek ordaintzen dituzten kredituetan, merkatuak aurreratu egin duelako. Aholkatu du interes tasa finkoak %5,5ean daudela, eta «ezusteak saihesteko» finkoetara pasa litekeela, nahiz eta gehienezko epea 15 urtekoa izan.
Pedro Aspiazu EAJren Ekonomia arloko eledunak, berriz, adierazi du igoerak ekonomia «nahi baino gehiago» kaltetu dezakeela, eta bere iritziz, %4ko maila nahikoa dela. Azpiazuk ohartarazi du kontsumoa moteltzen hasia dela, baita higiezinen sektorea ere.
«Azken datuek erakusten dute ekonomiak espero baino erritmo azkarragoan hazten jarraitzen duela»
Jean claude trichet
EBz-ko presidentea
«Interes tasen igoera ez datorkigu ondo, ekonomia nahi baino gehiagohoztu dezakeelako»
pedro aspiazu
EAJ-ren ekonomia arloko eleduna
EBZk %4ra igo ditu interesak eta goranzko joerari eutsiko diotela aurreratu du
Trichetek adierazi du diru politikak «erosoa» izaten segitzen duela eta prezioak gertutik zainduko dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu