Adikzioen legea

Edateko eta erretzeko toki gutxiago

Adikzioen Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak. Jaurlaritzaren proposamena lausotu egin du parlamentuak. Hona legeari buruzko xehetasunak.

Aurrerantzan ere, udalek arautuko dutekalean edateko aukera. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko apirilaren 7a
09:25
Entzun

Alkoholarekin eta tabakoarekin “zero tolerantzia” ezartzeko proposamen gisa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Adikzioen Legea egiteko proposamena 2014 amaieran. Neurri irmoak zekartzan: besteak beste, erretzeko galarazpena elkarte gastronomikoetan.

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu du legea behin betiko, eta lausotu egin ditu gobernuaren asmoak. Besteak beste, erretzen segitu ahalko dute elkarteetan. Hona hemen legeari buruzko xehetasunak.

Alkohola. Kalean edateko debekua ezarri nahi zuen Osasun Sailak, baina ezerezean geratu da proposamena. Parlamentuan EAJk berak aitortu du polemika iturri zela alor hori —“debeku hori, egun, sozialki eta kulturalki ez dago barneratuta”—, eta taberna alboetan edatea onartzeko prest zegoen. Azkenean, EH Bilduren ekimenez, kalean edateari buruzko artikulua kendu egin dute, “gehiegikeria” zelakoan. Hortaz, aurrerantzean ere udalek arautuko dute gaia.

Eragin handiko debeku bat, bai, ezarri dute: frontoian ezingo dute alkoholik edan —saldu ere ez, beraz—. Ohitura handia dago alkohola kontsumitzeko frontoietan; tabernak ere badituzte. Polemika sortu da oraintsu, Eusko Jaurlaritzak espedientea ireki duelako Bizkaia frontoian alkohola edateagatik. Beste arau bati egin dio erreferentzia ikuskatzaileak. Aurrerantzean, Adikzioen Legeak ere galaraziko du frontoian edatea.

Muga gehiago. Bat, salmentan: gauez zabalik dauden dendetan ezingo dute alkoholik saldu 22:00etatik 07:00etara. Bestetik, tabernako beherapenak: “gehiegizko kontsumoa eragin dezaketen eskaintzak” ezingo dira egin —happy hour eta horrelakoak—.

Tabakoa. Elkarte gastronomikoen egoera airean egon da aurreko urteetan, tabakoaren kontrako legeak ez baitu zehatz esaten zer egin. Debekatu egin nahi zuen Jaurlaritzak. Parlamentuak, baina, ez du bere egin debekua erabat. Adingabeak daudenean, ez, orduan ezingo da erre; gainerako kasuetan, elkarte bakoitzak erabakiko du zer egin. Orain bezala jarraitu ahalko dute, hortaz.

Tabakoa erretzeko galarazpena beste leku batzuetara iritsiko da: kirol leku irekietara, esate baterako —futbol zelaietan ezingo da erre, hortaz—. Beste debeku bat: parkeetan, haur jolasak dauden eremuetan, ezingo dute erre. Inguruan, jolasetatik aldenduta, erretzeko aukera egongo da. Zigarreta elektronikoak ohiko tabakoaren muga berberak izango ditu aurrerantzean.

Erretzearen arloan, kalamu elkarteak sartu dituzte Adikzioen Legean. Gutxieneko arauak aipatu dituzte —adingabeak ezingo direla joan, irabazi asmorik ezingo dutela eduki...—, baina gobernuak egin beharko du erregelamendu zehaztuagoa. Ikusteko dago Espainiako Gobernuak atal hori onartuko ote duen.

Ludopatia. Substantziarik gabeko adikzioak ere sartu dituzte legean. Berritasuna da hori. Neurriak ageri dira klase horretako mendekotasunen aurka; besteak beste, adingabeen apustuak-eta ez egiteko neurriak eta bideojokoak denboran mugatzekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.