Edmundo Rodriguez: "Greba eskubidea mugatzeko saio bat prestatzen ari direla uste dut"

2013ko azaroaren 29a
20:16
Entzun

Gasteizko Probintzia Auzitegiko Merkataritza arloko epailea da Edmundo Rodriguez, eta JpD Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramailea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Uste du ez dela greba asko egiten, «eta egiten denean neurrian egiten da».

Gutxieneko zerbitzuak arautzeko hutsunea dago legean?

Ez. Lege proiektuaren Rajoyren iragarpen hori ez dator bat benetako beharrekin. Ez dago behar besteko lan gatazka indize altua horrelako lege bat egin behar izateko. Alegia, lege batekin ez dagoen arazo bati eman nahi diote soluzioa. 

Eta zer dela-eta egin nahi du orain Madrilek ekinbide hau?

Nire sentipena da Madrilgo zabor grebalarien garaipena ez zaiela gustatu. Sindikatuen garaipena izan da, salbuespen bat gainera, eta oso gaizki hartu dute. Baina ez dago gutxieneko zerbitzuak arautzeko behar bat, gatazka bat dagoenean, gehienetan adostu egiten direlako zerbitzuak. Akordiorik ez dagoenean, epaitegian bukatzen du kontuak. Baina ez dago gutxieneko zerbitzuak betetzeko arazorik, hori ez dago.

Espainiako Konstituzioak greba eskubidea jasotzen du. Gutxieneko zerbitzuen balizko lege batek ez ote luke urratuko eskubide hori?

Erregulatzen dutenaren arabera gerta daiteke hori. Greba eskubideari eraginkortasuna kentzea bada helburua, hala izango litzateke, eta une honetan dagoen sentipena horixe bera da, gainera. Europako Batasuneko beste estatuekin alderatuta, gurean ez dago lan gatazkaren indize handirik, eta ez dago gutxieneko zerbitzuak betetzeko arazorik. Arazoak sortzen direnean, ez dira sortzen betetzen ez direlako, gehiegizkoak direlako baizik.

Langileek greba egiteko eskubidea mugatu, apaldu edota oztopatu nahi dutela esaten ari zara?

Horren beldur naiz. Greba eskubidea mugatzeko saio bat prestatzen ari direla uste dut, eta gogoratu nahi dut jasota eta ondo jasota dagoela eskubide hori, eta gauzatzeko bideak ezin direla moztu.

Gutxieneko zerbitzuen legea aurrera doa, ordea, itxura batean.

Gutxieneko zerbitzuak legez arautu daitezke, hori ez dago zalantzan, baina ez da beharrezkoa ez dagoelako arazorik; hori da kontua. Greba eskubidearen gehiegikeriarik ez dago, une honetan. Egotekotan, dagoen arazo bakarra justu kontrakoa da, enpresek eta erakundeek inposatzen dituzten gutxieneko zerbitzuen maila ez dela zentzuduna. Greba eskubidearen gehiegikeriak aipatzen dituzten ebazpenak esku bateko hatzekin konta daitezke. Gutxieneko zerbitzuen gehiegikeria, gainera, milaka ebazpenetan aurki daiteke.

Rajoyren iragarpena ez ote dago loturik langileen eskubide eta soldata galerarekin lotutako lan gatazken kopuruaren hazkundearekin?

Rajoyren iragarpena soilik azaldu daiteke Madrilgo zaborren grebaren emaitzarekin. PPren barruan batzuek garaitu egin dituztela sentitu dute, eta legez erantzun nahi izan dute. Sindikatuek greba batean PPko buru bat garaitzea ez dute ondo hartu. Baina legeak arazoak konpontzeko egiten dira, ez sortzeko. Egitekotan, beste zenbait atal konponduko lituzketen legeak egin beharko lirateke; adibidez, desjabetzeak, insolbentzia kasuak, lan erreformak kalte eginiko langileen egoera eta beste hainbat. Hor daude arazoak, eta ez greba eskubidea gauzatzean. Greba ez da askotan egiten, eta egiten denean neurrian egiten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.