Ia bi hilabete falta dira hauteskundeetarako, eta alderdi bakoitza bere kartak erakusten hasi da. Iraganeko beste kanpaina batzuetan egin duen legez, PPk beldurraren mezua hobetsi duela ematen du, eta argi utzi nahi izan du zer funtzio beteko duten bere botoek: «PPk jasotzen dituen boto guztiek Bilduk gobernatu ez dezan balioko dute. Zenbat eta eserleku gehiago lortu, orduan eta errazago izango da Bildu erakundeetara ez iristea». Hala, Telemadrid telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, EAEko PPko presidente Antonio Basagoiti «edonorekin» ituna egiteko gertu azaldu da, EH Bilduk ez dezan gobernatu.
Hauteskundeotan EAJk boto baliagarria jaso dezakeela jakinik, Basagoitik beldurraren itzala EAJra zabaldu du. PPko buruzagiak ziurtatu du ez duela jeltzaleekin gobernurik osatuko, «Bilduren eskutik helduta doalako». ETAren indarkeriarik gabe, bi indar abertzaleek helburuetan «are gehiago» bat egiten dutela uste du Basagoitik. «EAJri botoa ematen dieten guztiek jakin behar dute Iñigo Urkulluk proiektu independentistan bat egiten duela Bildurekin, Ibarretxek egin zuen bezala».
Elkarrizketa berean, adierazi du «edonorekin» hitzartzeko prest dagoela baina EAJrekin ez lukeela gobernurik osatuko. Iñaki Oiartzabal EAEko PPren idazkari nagusia pauso bat harago joan da, eta esan du berriro ere PSE-EErekin «beste gobernu formula bat» osatzeko gertu dagoela. Lau hilabete ez dira iragan PPk PSE-EErekin zuen gobernu ituna hautsi zuenetik, eta kontraesana agerikoa dela jabetuta, Oiartzabalek zehaztu du balizko itun horretan «baldintza hobeak» exijituko lituzkeela PPk. Haren argudioen arabera, PSE-EEk ez zituen bete 2009ko martxoko gobernu itunaren baldintzak, eta halakorik ezin liteke errepikatu. Oiartzabalek esan du besteak beste sozialistak «koldarrak» izan direlako ez dela «hobeto baliatu» amaitzear den legealdia. Haren hitzetan, PSE-EEk «zapuztu egin ditu» EAEn aldaketaren gaineko itxaropenak.
Basagoitik egin bezala, beldurraren mamua astindu du Oiartzabalek, eta ohartarazi du EAJ EH Bildurekin gobernatzeko prest dagoela. Gaineratu du Urkulluk Ibarretxeren Plana 2015erako berreskuratzeko asmoa agertu duela. «EAJren oinarri guztiek jakin behar dute». Oiartzabalen irudiko, bloke abertzalearen «alternatiba bakarra» PP da.
Iñigo Urkulluk herenegun El País egunkariari emandako elkarrizketa bateko adierazpenak baliatu dituzte PPko buruzagiek beldurra astintzeko. EH Bilduk gobernatu ez dezan beste alderdiren batekin ituna egingo ote lukeen galdetuta, Urkulluk irmo baztertu du aukera hori, eta azpimarratu du ez dagoela iraganeko diskurtsoei bazka ematen dieten operazioetan sartzeko prest. Hauteskundeen ostean negoziatzeko orduan, ez du azaldu a priori zer alderdik duen lehentasuna. EH Bildurekin akordioa egitea ez du baztertzen.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak, berriz, berretsi du ez duela EH Bildurekin hitzarmenik egiteko asmorik. «Pentsaezina da», esan du.
Kanpainaurrea hasi besterik ez da egin, eta beste alderdiek EH Bildu koalizioa dute ahotan. Aurreko astean, Laura Mintegik, koalizioko lehendakarigaiak, argi utzi zuen beste alderdiekin hitzarmenak egiten saiatuko dela, baina, era berean, gogor gaitzetsi zuen PPk eta PSE-EEk EH Bilduri buruz azaldutako itxikeria.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
«Edonorekin» adosteko prest da PP, EH Bilduk agindu ez dezan
Basagoitiren arabera, EAJ «Bilduren eskutik helduta doa» eta Urkulluk «proiektu independentistarekin bat» egiten duPSE-EErekin berriro ere «gobernu formula bat» hitzartzeko prest azaldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu