Askatasunaren Flotilla antolatu dutenek gaur salatu dutenez, Greziako armadak blokatuta jarraitzen du gaur goizean Gernika itsasontzia. Kretako Kolimpari uharteko portuan dago ontzia, eta Greziako armadako bi ontzik zaintzen dute. Lehenengoa duela hiru egun agertu zela diote Rumbo a Gaza eta Freedom Flotilla Two elkarteek, eta bart bigarrena gehitu zaiola.
"Bat aurrean daukagu eta bestea atzean; itsaontzia blokatzen dute. Gu erresistentzia baketsuaren alde gaude", adierazi du gaur goizean Edorta Gimenez ekintzaileak Euskadi Irratian. Gernika Askatasunaren Flotillako ontzietako bat da, eta Gazara giza laguntza eramatera doa. Gimenezez gain, beste bi euskal herritar doaz itsasontzian: Mikel Zuluaga ekintzailea eta Nekane Perez parlamentaria.
24 dira guztira itsasontzian doazenak. Flotillako antolatzaileek gaineratu dute "erasoa guztiz onartezina" dela, "armarik gako talde zibil baten kontrako ekintza bat delako, nazioarteko zuzenbideak eta Zuzenbide Komunitarioak babesten duten talde baten kontra". Antolatzaileek esan dutenez "legez kanpo" ari dira blokatzen Gernika ontzia, eta portura ere ezin izan dute jaitsi beharrezkoak diren agiriak aurkeztera.
"Greziako Gobernuaren agindua Schengen Akordioa hausten du, akordioari atxikitua dauden Europar Batasuneko Estatuetako herritarren mugimendu askea babesten duena, Espainia eta Grezia barne daudenak. Erabaki honekin, Greziako agintariek Israeli haren men egitea erakusten diote, azken asteetan Greziako Gobernuari presioa egin diona eta elkarrekin dituzten harreman ekonomiko guztiak indargabetzeko mehatxua egin diona". Espainiako Gobernuari herrialde horretako bandera duen itsasontzi batekin horrela jokatu ostean ezer ez egitea leporatu diote.
Israelek Greziaren erabakiarekin zerikusirik ez duela azaldu du.