Eduardo Benitezen hilketaren epaiketa hasiko da etzi, Donostian

Eskopetaz hil zuten, orain bi urte, Hernanin; akusatuarentzat 22 urteko espetxe zigorra eskatuko du fiskalak

mikel p ansa
Donostia
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Pasaiako gizon bat epaituko dute astelehenetik aurrera, duela bi urte beste gizon bat hiltzeaz akusaturik. Eduardo Benitez zen hildakoa, eta orain bi urte gertatu zen hilketa. Bikotekide zuen emakumeak harremana eteteko asmoa adierazia zion ustezko hiltzaileari egun batzuk lehenago; maiatzaren 16an, lanean bukatu eta Benitezekin gelditu zen emakumea; Fiskaltzak adierazi du goizaldean akusatua autoan eskopetarekin atera zela eta emakumearen bila aritu zela. Haren esanetan, goizaldeko seietan aurkitu zituen Benitez eta emakumea, Hernaniko (Gipuzkoa) taxi geltokiaren ondoan.

Betiere fiskalaren arabera, akusatua saiatu zen emakumea berarekin joan zedin, baina hark erantzun zion geroago hitz egingo zutela; akusatuak, orduan, autora joan, eskopeta hartu, eta Benitezi bi tiro eman zizkiola adierazi du Fiskaltzak bere txostenean. Tiroak metro erdi baino gutxiagotik bota zituela ere zehaztu du fiskalak. Horregatik guztiagatik, 22 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat.

Akusatuak 34 urte zituen hilketako garaian; ertzainek hilketa jazo zen egunean bertan atxilotu zuten, Pasaiako Trintxerpe auzoan, bizi zen etxean bertan.

Hildako gizona, berriz, Hernaniko Zikuñaga auzokoa zen, eta 30 urte zituen hi zutenean.

Gipuzkoan beste bost hilketa kasu epaitu dituzte zinpeko epaimahaiek aurten. Etzi hasiko den kasuarekin, gisa horretako epaimahai batek juzgatuko duen seigarren kasua izango da, beraz, urtebetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.