Juan Manuel Escudero. Didaktikan katedraduna

«Eduki gehiago ematen duen ikastetxea hobea dela pentsatzea akats bat da»

Irakasleen trebakuntza hobetzea aski garrantzisua dela agerian utzi du Juan Manuel Escudero adituak ikastolen XVIII. Jardunaldi Pedagogikoetan; maisu-maistren arteko kooperazioa giltzarritzat du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Hezkuntzaren kalitateak ezin du irakasleen kalitatea gainditu». Esaldi horrekin agerian utzi du, irakasleek hezkuntza sisteman duten garrantzia, Juan Manuel Escuderok, Murtziako Unibertsitateko(Espainia) Didaktika eta Eskola Antolaketako katedradunak. Ikastolen Elkarteak antolatutako XVIII. Jardunaldi Pedagogikoen leloarekin – Elkarrekin eraiki, elkarri irakatsi, elkarrekin lanean, elkarrekin ikasi– guztiz bat datorren ideia landu zuen atzo Escuderok, topaketaren lehendabiziko egunean.

Zein puntura arte da garrantzitsua irakasleen etengabeko prestakuntza?

Funtsezkoa da. Ikasleek ikasten edo ikasten ez duten horretan faktore nagusia irakaslea da, hezkuntza ikerketak biziki nabarmendu duenez. Irakasleak asko jakin behar du, baina ezagutza horiek ikasleei helarazten ere ikasi behar du. Hori da hezkuntza sistema askoren erronka, irakasle izateko pertsona egokienen aukeraketa, prestaketa eta motibazioa.

Irakasleen ikasketa komunitateetan irakasleen kooperazioaren garrantzia nabarmendu duzu, bai helburuak finkatzerakoan, bai hezkuntza egitasmoa zehaztean.

Irakaslea ez da norbait isolatua, eta denbora asko eman dugu hori ikusi arte. Garai batean derrigorrezko hezkuntza irakasle bakarrarekin egitea posible zen, baina gaur egun ez da horrela. Irakasleak talde bat direla argi dago. Irakasle bakoitza ezberdina dela argi dago, baina gutxieneko batzuk partekatu behar dituzte, bestela hezkuntza kaotikoa da, eta horrela bada ez da hezitzailea.

Irakasleek landu beharreko gaien aukeraketa egitean ondo aukeratutako funtsei lehentasuna eman behar dietela aipatu duzu, eta ez informazio kopuruari. Ideia hori ikastetxeetan ematen al da?

Eduki gehiago ematen duen ikastetxea hobea dela pentsatzea akats bat da, oraindik ere ematen dena. Hobea da informazio garrantzitsuaren bitartez ikasleen buruaren garapen egokia lortzen duen eskola, inbutu batekin informazio asko sartzen duena baino. Burua ondo garatzea ez da gauzak errepikatzea, baizik eta ideiak lotzea, argudioak ematea...

Oinarrizko gaitasunetan oinarritutako hezkuntzak ideia hori garatzen lagun al dezake?

Oinarrizko gaitasunen alderik positiboena hartuta zentzu horretan doa, bai. Gaitasunen oinarrizko ideien oinarrian edukien aukeraketa egokia dago.

Ikasketa komunitateak aurrera eramateko irakasleek denbora beharko dutela aipatu duzu, elkarren arteko lan hori egiteko. Egungo ordutegien banaketarekin posible al da?

Krisi garaian hori planteatzeak arraroa ematen du. Horrez gain, tentuz hartu beharreko beste gai bat dago tartean, irakasleen ordutegian dauden hezkuntza eskolak. Espainian 35,5 orduko lanaldia dute irakasleek, eta 18 ordu eskola eman behar dira; agian beste orduen antolaketaren bitartez lor daiteke ikasketa komunitateak aurrera eramatea.

Klaseak beste irakasleei irekitzea ere proposatu duzu, elkarri aholkuak emateko. Ez al du aldaketa handia esan nahi?

Jokabide hori ez da batere ohikoa, egia da. Dena den, irakasleen artean giro ona balego eta behar besteko denbora balute, seguru nago gehiagotan egingo litzatekeela. Gure lana erakutsiz gero ez da hobekuntzarik gertatuko egun batetik bestera, baina zuzendu ditzakegun akatsak ikus ditzakegu, eta hori bada hobetzeko modu bat. Besteen eskolak ikustea ere interesgarria da; zirujau batek mila ebakuntza ikusi ditu lehenengoz egin aurretik, baina irakasleen kasuan ez da horrelakorik gertatzen.

Jardunaldietan parte hartzen ari diren irakasleekin hitz egin duzu hitzaldiaren ostean. Nola hartu dituzte ikasketa komunitateen eredua?

Interesgarria iruditu zaie, baina gauza batzuk praktikara eramateko zailtasunak ikusi dituzte. Irakasleen artean adostu eta ikasgeletan ezarritako egitasmoen balorazioa egiteko aholkatu dut, praktika egokiak zehaztu ahal izateko. Ikastetxeetan hori egiteko denbora falta egon daitekeela azaldu didate, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.