Euskal Herria

Edukiontzi bati su eman, eta zabaldutako garrek 12 auto kaltetu dituzte Bilbon

Ibilgailuetako lau erabat hondatuta geratu dira. Beste zazpi edukiontzi bat ere erre dituzte handik hurbil. Jaurlaritzako Herrizango Sailak "kale erasotzat" jo ditu. Zornotzan 'molotov koktelak' jaurti dituzte udal aparkalekura.

2010eko abuztuaren 20a
17:24
Entzun
Bart goizaldean zortzi edukiontzi erre dituzte Bilbon, bat Fika kalean, lau Kalamua kalean, beste bat Erronda kalean eta bi Zumarraga kalean, denak Alde Zaharretik hurbil. Gainera, Zumarraga kaleko erasoak ondorio handiak izan ditu, edukiontziak ez ezik, han ondoan aparkatutako hamabi auto harrapatu baitituzte garrek.

Bilboko Udaltzaingoak azaldu duenez, edukiontzietako bateko suak alboan aparkatutako auto bat harrapatu du, eta gasolina galdu du ibilgailuak. Kalean aldapan dagoenez, goitik behera zabaldu da garretan zen gasolina eta beste hamaika auto harrapatu ditu. Ibilgailuetatik lau guztiz hondatuta geratu dira. Fika kaleko erasoa ordulaurden lehenago gertatu da, baina kalteak askoz txikiagoak izan dira: alboko auto bati eragin die garrek, baina ia ez diote kalterik egin.

Goizean zehar Udaltzaingoak eta Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gertakariak "kale erasoen" barruan sar zitezkeen ikertzen ari zirela adierazi dute, eta hasieran adierazi hipotesi hori ia baztertua zutela. Azkenean, ordea, "kale erasotzat" jo ditu erreketa horiek Herrizango Sailak.

Bestalde, Zornotzan (Bizkaia) bi molotov koktel jaurti dituzte plastikozko ontzi batean sartuta udal aparkalekura, baina ez dute kalterik eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.