Sei urteko berrespenaren zain egon beharrean, Frantziak EEPri iraupen mugagabea aitortzea lortu nahi duela adierazi zuen Brissonek.Behin-behineko izaeratik iraunkortasunerako urratsa bermatzea bilatzen du. Geroari begira, 2006ko hizkuntza politikaren plana abiapuntu gisa harturik, datozen sei urteotan garatu nahi dituzten jokabide esparruak aurkeztu zituen atzo. Hori lortzeko egindako urratsaknabarmendu zituen aurretik. Izan ere, EEPk berak egindako lanaren ebaluaketa burutu zuen eta ondoren Frantziako hiru ikuskarik.
Iragarritako asmoei eutsi ahal izateko eta eraginkorragoak izateko, EEPren langile kopurua emendatu behar dela ondorioztatu zuten ikuskariek. Aholku horri jarraikiz, EEPren lan taldea zortzi langiletik hamabira emendatuko da.
Hizkuntza politikarako egitasmoak hiztun osoak sortzea du helburu eta horretarako gazteengan eragitea du helburu. Hamabi erronka nagusi zehaztu zituzten orduan eta orain artean euskararen transmisioak hartu du lehentasuna. Datozen sei urteotan, ordea, euskararen erabilera sustatu nahi du EEPk. «Transmisio sailean egindako lanari eutsiko diogu baina horrekin batera erabilpena sustatu nahi dugu. Ez du zentzurik hizkuntza bat erakustea ondoren ez erabiltzeko».
Azpi-eremu eta lehentasunak
Transmisio eta erabilera arloak azpi-eremuetan banatu dituzte eta kontuan hartu zeharka ukan dezaketen eragina. Transmisioan, adibidez, familia transmisioa, haurtzaindegiak, irakaskuntza eta helduen euskalduntzea kokatu dituzte. Horien baitan hobesten diren ekimenak eta indarrean sartzeko epeak finkatu dituzte.
Erabilera arloan, adibidez, euskara bizi publikoan, aisialdia, hedabideak eta argitaletxeak berezi dituzte. Bizi publikoaren azpi eremuan, administrazio eta zerbitzu publikoetan eragitea berezi dute, 2011tik 2014ra gauzatzeko. Hedabideen arloan, telebistan eta irratietan eragitea hobetsi du EEPk 2014. urtea aitzin. Prentsa idatzia eta Interneteko eragileen arloa geroago landuko lukete.
Aisialdiari dagokionez, harrera egituretan eta heziketa artistikoan eragin nahi du EEPk 2014. urtea aitzin. Geroko geldituko lirateke kirol heziketa eta zerbitzuen arloa. «Hizkuntza politikarako plana finkatu genuelarik kontuan hartu beharreko elementu guztiak atxiki genituen, baina politika hori gauzatzerakoan, lehentasunak finkatu behar dira», erran zuen Brissonek atzo. Finantzamenduari dagokionez, gainerateko zerbitzuek dituzten diru iturriak euskararen alde jartzea lortu behar dela gaineratu zuen.
Bernadette Soule. EEPko zuzendaria
«Pragmatismoz aritu behar dugu emankorrak izateko»
A.R. BaionaBernadette Soule izanen da engoitik EEPko zuzendaria. Merkataritza eta gizarte zientzietako ikasketak egin ondoren, euskal ikasketak egin zituen. Baionako Merkataritza Ganberan aritu zen lanean bederatzi urtez, eta 2004an EEPn sartu zen. Parte-hartze zuzena ukan zuen EEPk 2006an egindako hizkuntza politika planaren osaketan, baita geroztik ukan duen garapenean ere. Obratze lanari dagokionez, irakaskuntza alorrean aritu izan da, eta 2011-2016 epealdirako jokabide esparrua zehazteko lanetan.
Hasieratik aritu izan zara EEPren osaketan eta garapenean. Zein ekarpen egin nahi diozu, zuzendari gisa?
EEPren lan taldean aritu izan naiz hastapenetik. Lehen nuen lana utzi nuen euskararen aldeko lanean aritzeko eta osoki inplikatu nintzen hizkuntza politikaren garapenean. Hizkuntza politika zehazteko lanetan parte hartu izan dut eta aldi berean, plangintza horren obratze lanetan. Barnetik ezagutzen dut. Oraingoan jokabide esparruak finkatu ditugu eta baita ere horiek garatzeko metodologia. Argi gelditu da genuen lan taldea ez zela aski eta handitu beharra zegoela. Izan dudan esperientziari esker osoko ikuspegia daukat eta hori lagungarria izanen da osatu dugun estrategia garatzeko. Eraginkorrak izan nahi dugu eta hori lortzeko badakigu partaidetzan aritu behar garela, solaskideak eta lanerako gogoa dutenak identifikatu. Jokabide esparru eta azpi eremuak zehazturik, partaide horiekin elkarlana bultzatzea izanen da lan ildoetarik bat. Hori da erronka nagusia.
Elkarlan esparruak garatzea izanen da metodoa?
Ildoak finkatu ditugu eta azpi eremu bati ekin baino lehen, argiki zehaztuko dugu egin beharreko lana, helburuak zehaztu, partaideak izendatu. Hori izanen da metodoa eta aldi oro baliatuko dugu, emaitzak neurtu ahal izateko. Ezin ditugu egin ekintzak kolpeka, ez delako lan molde eraginkorra. Koherentzian garatu behar dugu hizkuntza politika.
Eraginkortasuna lortzeko, hautaketa beharrezkoa da. Zein izanen da horretarako lehentasuna?
Eztabaidagarriak izan badaitezke ere, finkatu ditugu guretzat lehentasuna duten eremuak eta ildo horretan arituko gara. Bertze arloak ez ditugu baztertzen, baina eraginkorrak izan nahi badugu, emaitza handiena emanen dutenak hautatu behar ditugu. Eta, horrekin batera, euskarari entzutea eta ospea emanen dioten ekimenak egin nahi ditugu.
Aholku Batzordean dauden euskalgintzako gizarte eragileekin egindako lana indartuko duzue?
Hastapenetik atxiki nahi izan dugu elkarlan hori eta horretarako sortu zen Aholku Batzordea. Urte luzeetan lan zehatza egin dute eta haien eremuen ezagutza sakona dute.Arlo horietan eragin nahi badugu elkarlana funtsezkoa da. Eragile horiek gabe ezin da hizkuntza politikarik egin. Horregatik, EEP sortu zelarik, lan batzordeak sortu ziren eta hamar lantalde. Elkarrekin zehaztu ditugu norabideak.
Beste epealdi bat irekitzen da. Zer espero duzu?
Eremuak eta estrategiak koherentzian uztartzea espero dut. Aholku Batzordearekin loturan, eremuak finkatu ditugu, lan taldeak osatu, egin beharrak definitu eta azkenik, estrategia bat garatu eremu bakoitzean. Pragmatismoz aritu behar dugu emankorrak izateko. Aurrekontuari dagokionez, abenduan zehaztuko da eta behar eta baliabideen oreka atxiki beharko da.