EEPk eta Jaurlaritzak sei urterako berritu dute lankidetza

Elkarlanaren ondorioz, azken lau urteotan, 5,64 milioi euro eman dizkiete gizarte eragileei Jaurlaritzak eta EEPkSeaskaren laguntzei eutsiko die Jaurlaritzak, hitzarmena indarrean dagoen bitartean

EEPko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, hitzarmen markoa izenpetzen, Baionan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko asmoz, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen marko bat izenpetu zuten atzo Baionan 2011-2016 aldirako. Lehen hitzarmen markoa 2007an sartu zen indarrean, eta joan de urtera arte iraun du. Indarrean egon den lau urteotan, 5,64 milioi euro jarri dituzte gizarte eragileen esku. Urtero, 50 eragile inguruk jaso dute laguntza, 50-60 xede bete ahal izateko. Iaz, 46 eragilek jaso zuten laguntza, eta 54 xede bete zituzten.

«Historia ezberdinak ditugu, erakunde eta erritmo ezberdinak ditugu, baina borondate bakar batek elkartzen gaitu, Bidasoaren bi aldeetara euskara biziaraztea eta bultzatzea», erran zuen Max Brisson EEPko lehendakariak hitzarmen markoa osatzearen arrazoiei aipamen eginez. Diru publikoa egoki baliatzen dela nabarmendu zuen. Elkarlan funtsaren %70 eragile nagusiek hartzen dutela azaldu zuen; alegia, AEK-k, Seaskak, euskal hedabideek eta aisialdiaz arduratzen den Uda Leku elkarteak. Funtsaren %30 deialdi publikoaren bidez banatzen dela azpimarratu du Brissonek.

Ahalik eta molde eraginkorrenean abiatzeko, iazko diru kopuru bera baliatzea onartu dute bi aldeek. Brissonek jakinarazi du aurten 1,6 milioi euro banatuko dizkietela eragile nagusiei. Iazko kopuru bera da, eta, iaz bezala, 1,2 milioi euro euskalgintzako eragile nagusiak laguntzeko izanen da, eta 400.000 euro xedeen deialdirako.

Ipar Euskal Herrian irakurtzeko zaletasuna suspertzeko eta euskarazko argitalpenak sustatzeko asmoz, 80.000 euroko diru laguntza emanen dute aurten; horrekin, irakurketa publikoko sarea plantan ezarri edo indartu nahi dute. Funts horren bidez, «Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi euskarazko argitalpena Iparraldeko irakurketa publikoko sarean sartu ahal izango da», nabarmendu zuen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

Inkesta soziolinguistikoa

Eragileei emandako diru kopuruaz gain, aurten bertze lan ildo garrantzitsu batzuk jorratuko dituzte elkarrekin, hala nola bosgarren inkesta soziolinguistikoa. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, «hizkuntza gaitasunaren mugazbi aldeetako egiaztagirien baliokidetza» zehaztuko eta antolatuko dutela azaldu zuen Urgellek.

Egindako lana eraginkorra dela frogatu ahal izateko, hizkuntza politikarako jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunak landu eta sakonduko dituzte. Horrez gain, EEPren eta EITBren arteko hitzarmena lortzeko laguntza emanen du Eusko Jaurlaritzak. Martxoan telebista analogikoen itzalaldia izanen dute, eta, Ipar Euskal Herrian ETB1 ikusi ahal izateko, nazioarteko hitzarmena osatu beharko dute Frantziak eta Espainiak. Frantziako ikus-entzunezkoen kontseilu gorenak behin-behineko adostasuna eman duela jakinarazi du Brissonek. Hala ere, telebista digitala ez da lurrez helduko Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendialdera. Toki horietan, satelitez hartu beharko dute ETB. Asmo hori diruz laguntzea aztertzen ari dira. Bertze alde batetik, euskararen aldeko sentsibilizazio kanpaina bat eginen du ETBk.

Hitzarmenak indarrean

Seaskaren diru laguntzen inguruan izandako tirabiren ondoren, lortutako akordioa atxikiko zuela jakinarazi zuen Urgellek. «Seaskarentzako urtero 400.000 euroko laguntza hitzartu genuen, eta mantenduko dugu, hitzarmena indarrean dagoen bitartean». PPren kezkak direla eta, alderdi horren iritzian eragitea espero duela azaldu zuen, ulertarazteko Jaurlaritzaren asmoa dela euskararen lurralde osoan eragitea. Laguntza guztiak ongi etorriak direla azaldu zuen Brissonek, baina argi utziz Seaskarena Frantziako botere publikoen arazoa dela.

Kontseilu Nagusiak eta Akitaniak Seaskaren kolegioak eta lizeoa laguntzeko partidak onartu dituzte. Miarritzeko herriko etxeak Seaskaren esku utziko du orube bat, eraikuntza bat egiteko. «Frantziako legeak baimentzen duenaren maila gorenean gaude Kontseilu Nagusia eta Akitania; hala ere, badago engaiamendurako tarte handia, eta herriko etxeek hartu eta baliatu behar dute legeak ematen dien aukera hori», dio Brissonek. Arazo bat delarik, konponbidea bilatzeko lana EEPri dagokiola nabarmendu zuen Brissonek, azalduz herriek diruz lagun ditzaketela kanpoan ikasten duten gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.