Egia eta gezurra bistan

Euskarako azterketa Gaztelaniakoa baino nabarmen arinagoa izan da aurten ere selektibitatean EHUn: esaldiak egia edo gezur jotzea izan da probetako bat. Gaztelaniazko ereduetako hiru ikasletik bat ez da gainditzeko gauza.

Ikasleak, Gaztelaniako azterketa egiten, asteazkenean, EHUn. J.C. RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Testu bat, lehen orrian: Arantza San Sebastianek BERRIAn argitaratutako zutabe bat, alzheimerra duen andre baten alabaren larrutik idatzia. «Ama esaten dizut eta ez dakit zer den hori zuretzat» esanez amaitzen du sarrera. Atzeko aldean, lehen ariketa: hamar esaldi egiazkoak edo gezurrezkoak diren seinalatzea. «Amak ez du alaba ezagutzen», dio batek; egia da. Hurrengo ariketa: zein den gaia. Lau proposamen. «Alabaren gogoetak, amaren egoeraren aurrean»; egokia hori da. Hurrengo azterketan beste batzuk dira kontuak: aukeratzekorik ez da. Ariketak: testuaren laburpena, gaia eta azterketa morfologikoa. Eta literatura: Espainiako klasiko bateko ahapaldi bat; norena den asmatu beharra dago, eta hari buruz idatzi.

Asteazkenean egin zituzten bi azterketak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, selektibitatean. Argi: Gaztelaniakoa nabarmen zorrotzagoa da Euskarakoa baino.

Termometro lana du unibertsitatean sartzeko hautaprobak; baditu hutsuneak eta bidegabekeriak, baina hezkuntza komunitateak aitortzen dio izaera homogeneizatzailea, ikasle guztiek egiten baitute azterketa bera. Hezkuntzaren egoera ebaluatzeko erabiltzen du Eusko Jaurlaritzak berak.

Probaren gogortasunik ezak berak adierazten du, datuetan sartu gabe ere, ikasleek euskaraz egiteko duten ezina. Gaztelaniako probarekin alderatuta, oso bistakoa da aldea. Konparazioa egin daiteke, hala ere, ofiziala ez den hizkuntza batekin: Ingeleseko probaren antz handia du Euskarako azterketak EHUko selektibitatean. Testu bati buruzko galderak, egiazko eta gezurrezko esaldiak, eta sinonimoak ageri dira. Alde handi batekin, ordea: Ingeleseko azterketako galderen erantzunetan ezin dira testuko pasarteak kopiatu, eta, baieztapenak egiatzat edo gezurtzat jotzeko, justifikazioa eman behar da —Euskarako proban, ez—.

Areago, Ingeleseko azterketan ahozko proba jartzekoa dute; arazo teknikoengatik atzeratu dute.

Azterketa arinagoa da, beraz, Euskarakoa. Eta, hala ere, oso datu kezkagarriak ageri dira emaitzetan: selektibitatea gaztelaniaz egiten dutenen artean —A eta B ereduetako ikasleak—, hirutik batek ez du gainditzen proba. Iazko datua da hori. Ikasle guztiek egin beharreko probak hartuta, Euskarako azterketan dago suspentso gehien selektibitatea gaztelaniaz egiten duten ikasleen artean.

D eredua: %98k gaindituta

Bistan dago ereduen arteko desoreka: selektibitatea euskaraz egiten dutenen artean —D ereduko ikasleak—, %98k gainditzen dute Euskarako azterketa. Eta oso kalifikazio onak dituzte: suspentsoak ateratzen dituztenak barruan sartuta ere, proba horrek du selektibitateko batez besteko altuena: 7,19 —batez besteko orokorra 6,2 da—. Erdal ereduetako ikasleek Euskaran duten ezina ez da alderantziz gertatzen; D ereduko ikasleak gainerako ereduetakoen pare aritzen dira Gaztelaniako proban: %20k ez dute gainditzen. Batez bestekoa paretsua dute: 6,1.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.