Gaur 33 urte betetzen dira 1978ko sanferminetan Espainiako Poliziak German Rodriguez iruindarra hil zuenetik. Urtero uztailaren 8an egiten duten moduan, hainbat lagunek German Rodriguezen hilketa izan du gogoan gaur sanferminetan. 1978an hil zuen Espainiako Poliziak Rodriguez, urte horretan izan ziren istiluetan tiroz. Gaur 13:00etan Rodriguezen monolitoa dagoen lekuan aurreskua dantzatu dute, loreak eskaini dizkiote, eta Julieta Itoiz La Chula Potra abeslariak 19178ko gertaerak gogoratzeko abestia aurkeztu du.
Gertaera ikertu ez denez, goizeko agerraldian Miren Egaña Rodriguezen bikotekide zenak eta Zelai Ordoñez Egaña aurrekoaren alabak Iruñeko Udalari Egiaren batzorde bat eratzeko eskatuko diotela esan dute, egia, justizia eta ordaina bilatzeko, egungo testuingurua baliatuz. Aurretik Sanfermines 78 Gogoan herri ekimeneko bi kidek Euskalerria Irratian esan dute urrian egingo dutela eskaera: "Oinarri sendoa jarri behar da ezer eraikiko bada. Gizarteak egia, historian gaizki egindakoak, ezagutu behar ditu, ahal den einean, gizarte demokratiko bat iraiki ahal izateko", adierazi dute.
Batzorde horrek instituzionala eta mistoa izan behar duela esan dute.
Goizeko agerraldia Internazionala eta Eusko gudariak abestuz amaitu dute. Oroipenak, ordea, arratsaldean jarraituko du. Izan ere Sanfermines 78 Gogoan herri ekimenak, Peñen Federazioak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak manifestatzera deitu dute arratsaldean.
Gaurkoa Haurren Eguna ere izan da sanferminetan. Haurrek goizean goizetik erraldoi eta kilikien konpartsarekin korrika eta dantza egin dute eta 11:00etan lore eskaintza egin diote patroiari. Rodezno kontearen plazan haurrentzako ekitaldiak izan dira goizean eta arratsaldean ere 18:00etatik 21:00ak arte izango dira.