GAztetxeak

Egiako Gaztetxea botatzen ari dira eta gazte bat atxilotu dute udaletxe aurrean

Goizeko 6:50ak zirenean Ertzaintza Egiako (Donostia) Ametsenea gaztetxera sartu da, eta hustu egin dute. Orain Gaztetxea botatzen ari dira. Gertaera salatzeko manifestazioa egin dute gazteek goizean, eta eguerdian udaletxera joan dira, bertara sartzeko asmoz. Udaltzainek kolpeka hartu dituzte han, eta ez diete sartzen utzi. Alderdi Ederrera joan dira orduan gazte batzuk, eta han, kaletarrez jantzitako gizonezko batek atzetik jarraitu eta gazte bat geldiarazi du. Gero udaltzainengana eraman du eta haiek atxilotu dute. Kolpe ugari eman dizkiotela salatu dute lekukoek. Udaletxe barrura eraman dute gaztea.

2005eko urriaren 26a
15:06
Entzun
Donostiako udaltzainek ez diete udaletxe barrura sartzen uzten gazteei. Kolperen bat edo beste ere jaso dutela ere salatu dute udaletxera sartu nahian dabiltzanek.

Egian berriz, poliziaren presentzia handia dago lekukoek azaldu dutenez: 7 furgoneta daude Gaztetxearen atzean, Loiolako errotondan 2, eta auzoan zehar gehiago.

Ertzaintza Gaztetxera joan denean bi lagun zeuden barruan, haiek paretaren kontra jarri dituzte, eta horrelaxe eduki ordu laurden inguruan. Lekukoek berri.info-ri jakinarazi diotenez, desalojatzeko agindurik ba ote zuten galdetu diote bi horiek Ertzaintzari, eta Ertzaintzak hau erantzun die gazteleraz: "Ez da behar". Barruan zituzten bi lagunak kanpora atera, identifikatu eta joaten utzi diete.

Jende ugari bildu da Gaztetxearen inguruan, eta tentsio uneak ere bizi izan dira. Goizean jendea manifestazioa egiten ari zela, hondeamakinekin eraikina botatzen hasi dira. Manifestazioko jendea bertara joan da, eta Ertzaintzak karga egin du, eta lekukoen arabera, baita jendea jo ere.

Guardia Zibilaren patrol bat ere Egian dabil bueltaka.

Gaztetxea hustea salatzeko manifestazioa egingo dute arratsaldeko 19:00etan.

"Zuek bota guk eraiki"

Gaztetxearen aurrean hainbat gazte bildu dira, eta oihuka ari dira. Pixkanaka giroa gero eta gehiago berotzen ari da. Gazteak builaka ari dira, Ametsena aurrera, Zuek bota guk eraiki!, Desalojorik ez! eta antzeko oihuak botatzen.

Gazteek kartelak jarri dituzte paretan, Desalojorik ez, ametsenean aurrera! leloarekin, eta Ertzaintzak kartel horiek kendu egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.