Efe agentziak egin dio elkarrizketa Paul Rios Lokarriko koordinatzaileari, eta ETAren desarmatze prozesuaz jardun du. Haren esanetan, orain "armen zigilatzearen fasea" bete behar da, baina erantsi du horri segida eman behar zaiola "armak ematearekin edo erabat ezgaitzearekin".
Otsailean, egiaztatzaileek baieztatu zuten ETA armategia indargabetzen hasi dela, baina Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen gero. Orduan gertatutakoaren ostean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak "segurtasun arazoak" dituela kritikatu du Riosek: "Desarmeari lotuta Frantzian edo Espainian edozein jarduera egiten badute, Auzitegi Nazionalak deitu edo Poliziak iker ditzake".
Horregatik, uste du ETAk "ahal duen guztia" egin behar duela "konfiantza emateko"; ez gobernuei, baizik eta "mehatxatuta egon diren pertsonei" eta herritarrei, ikusarazteko armagabetzea gauzatzen ari dela. Zehatzago, esan du "oso garrantzitsua" izango litzatekeela ETAk udaren ostean keinuren bat egitea.
Egungo egoeran "zentzuzkoena eta mesedegarriena" Espainiako Gobernua eta ETA harremanetan egotea izango litzatekeela uste du Riosek, desarmatzea "ahalik eta baldintza onenetan eta ahalik eta berme gehienekin" egin dadin. Baina PPren gobernua "ez dago urrats bat ere egiteko prest bake prozesuaren bidean".