Ram Manikkalingam ETAren su-etena egiaztatzeko batzordeko kideak gaur Deia egunkarian esan duenez, "une egokia da hau ETAk indarkeriaren amaiera zehaztu eta bultzatzeko". Aste honetan osatu da ETAren su-etena egiaztatzeko batzordea, eta bost kideetako bat da Manikkalingam. Sri Lankan jaioa da, Dialogue Advisory Group-eko zuzendari eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakasle.
Elkarrizketan esan duenez, Egiaztatze Batzordeak su-eten bat zer den jakinarazi dio ETAri, eta erakunde armatua ados agertu da eman dioten esannahiarekin. "Baieztapen hori jaso bezain laster osatu dugu Batzordea eta etorri gara Bilbora", esan du. Zehaztu duenez, ordea, ETAren baiezkoa jasotzeak denbora asko behar izan du, "komunikazio kanalengatik".
Aste honetan hasi da biltzen Egiaztatze batzordea Euskal Herriko eragileekin, eta ezker abertzalearekin biltzeaz gain, Iñigo Urkullu EAJko presidentearekin, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin eta Confebaskekin bildu dira. "Bilera guztietan gauza bera entzun dugu: Euskal Herrian ez dagoela inor su-eten hau amaitzea nahi duenik. Itxaropentsu gaude, horrek su-etenari eusteko babesak bilatzen lagunduko baitigu".
Espainiako Gobernuarekin komunikazio kanalik ez dutela jakinarazi du, baina irekitzea garrantzitsua litzatekeela adierazi du, "baita Eusko Jaurlaritzarekin eta Frantziako Gobernuarekin ere. "Beraiek, noski, su-etenaz informazio gehiago dute, eta badakite aurrera doan edo ez. Etorkizunean eurekin harremanetan jartzea espero dugu", esan du.
Manikkalingamek argitu du Brian Currin buru duen Nazioarteko Harreman Taldea gai politikoak lantzen ari dela. "Beraiek sentitzen zuten ez dutela eskumenik ezta gogorik su-etena egiaztatzeko. Giza-eskubideen arloan esperientzia handia duten adituak dira, baina su-etenari dagozkion gaiak teknikoak eta militarrak dira batik bat". Gainera, "zenbait pertsonek" partzialak direla uste dutela iritzi diote Nazioarteko Harreman Taldekoek.