"Aurrekontuak bertan behera uztea ez da garaipen bat izan, argi dago. Frustratuta gaude, gure ahaleginak ez duelako guk nahi genuen emaitza izan", adierazpen horiek egin ditu Radio Euskadin EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Egibarrek. 2013. urteko aurrekontu proiektua bertan behera uztea erabaki zuen Iñigo Urkulluren gobernuak atzo, osoko zuzenketak bozkatzeko bezperan. Egibarrek esan du espero zutela negoziazioak "zailak" izango zirela, baina gaineratu du alderdi guztien artean eta alderdi guztien aldetik ez dutela izan euren gain zuten ardura horri aurre egiteko "babesa".
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak egungo egoerara ongi moldatu ahal izateko "aurrekontu egokiak" egiteko saioa egin duela nabarmendu du elkarrizketan. "Ez dugu gure helburua lortu, baina ez da hor amaitzen mundua", adierazi du EAJko bozeramaileak. Hainbatek "porrot" gisa definitu dutela gogoratu du, eta ez dela izan garaipena. Oposizioko alderdiek garaipen gisa hartu nahi badute egiteko esan die, baina hori denbora askoan ezingo duela esan.
Alderdien artean elkarrizketak egin dituztela gogorarazi du, baina akordioa lortzea ezinezkoa izan dela. "Denetik egon da", esan du. PSE-EE eta EH Bildu estrategian "bat etorri" direla uste du, ez dutela batera egin, baina bakoitzak bere aldetik eginda ere estrategia berdina izan dutela. "Biek ezetz esan nahi izan diote aurrekontu proiektuari".