politika

Egibar: "Euskal burgesia berria Amaiurren sartzen ari da"

EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak uste du koalizioak ez duela proiekturik, eta "gero eta nabarmenagoa" dela han "ezker abertzaleak duen pisua". Egibarrek ez du argitu GBBko buru izateko aurkeztuko den.

2012ko urtarrilaren 13a
17:11
Entzun

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteari Euskadi Irratian galdetu diote ea jendea joaten al den batzokietara alderdiko militante izan nahi duela esanez, eta erantzun du "bakarren batzuk" joaten direla egun, eta geroago esan du gaur "euskal burgesia berria Amaiurren sartzen" ari dela. "Baina ez diot gutxiesteko zentzuan".

Dena dela, Egibarrek uste du Amaiurrek ez duela "proiekturik", "hori antzematen ari zaie", eta, gainera, "gero eta nabarmenago dago han ezker abertzaleak duen pisua". Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute koalizioa. Joan den azaroko Espainiako hauteskundeetan 334.000 boto lortu zituen, eta zazpi diputatu —Hego Euskal Herrian, gehien—.

EAJren bidea aldarrikatu du GBBko buruak, eta azaldu du Xibertako 1977ko elkarrizketa haietan ezker abertzaleak "estrategia oker bat hartu" zuela. "Presoak-eta estrategia oker haren ondorio dira". Haren ustez, ezker abertzalea orain ohartu da horretaz. Orain "lehentasuna bakegintza" dela adierazi du, "eta ezker abertzaleak badaki". "Pazientzia" eskatu du.

Euzkadi Buru Batzarra osatzeko bilkura egingo du asteburu honetan alderdi jeltzaleak, Barakaldon, eta ondoren ekingo diete herrialdeetako zuzendaritzak hautatzeko prozesuari. Egibarrek adierazi du udaberri aldera izango direla zuzendaritza berri horiek, eta ez du argitu bera berriro aurkeztuko den GBBko presidente izateko. "Agian, hurrengo elkarrizketan esango dizut", esan du irratian.

"Euskadi" eraikitzeko EAJk duen konpromisoa azpimarratu du —"Euskadi niretzat zazpi lurralde dira"—, eta lan horretan alderdia "tresna" dela aldarrikatu du, "ez helburu, batzuei hori gustatu ez arren". "Familia politiko" horretan "joera desberdinak" daudela aitortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.