EAJk «oposiziotik gobernatzen» jarraituko du, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak ohartarazi duenez. Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJko zinegotziarekin batera, prentsaurrekoa eman du Egibarrek Donostian, eta Bilduri eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kudeaketari kritika zorrotzak egin dizkio. Egibarrek EAJren «alternatiba eraikitzailea» defenditu du: «EAJk euskal gizartea kohesionatuta egotea nahi du. Ez dugu nahi gizartearen etorkizuna mugatzea gobernuen kudeaketa txarra dela eta».
Bilduri kudeaketa «kontrako eztarritik» joan zaiola uste du EAJko buruak, eta Eusko Jaurlaritzaren gestioaren pare jarri du koalizio abertzalea Gipuzkoan egiten ari dena: «Bilduren inprobisazioa eta Patxi Lopezena antzekoak dira». Horrez gain, Bilduk EAJ «zirikatzeko» abiatutako estrategiarekin beste «hainbat alderdik» bat egin dutela salatu du Egibarrek.
Lopezen «herri eredua»
Jose Antonio Pastor PSEko eledunak, berriz, lehendakariaren kudeaketa goraipatu du Basaurin eginiko ekitaldi batean. Lopez aginduan dagoenetik «kaleak herritarrentzat berreskuratu» direla eta ETAren indarkeria amaitu dela azpimarratu du: «Bakea erdietsi izanak legealdi osoko ahalegina justifikatzen du».
EAEko erakunde egitura EAJren neurrira eginda egon dela salatu du Pastorrek, eta «Patxi Lopezen herri eredua» defenditu du, besteak beste, «elkarrizketa soziala» erabiltzen duelako, «langabezia tasa txikiagoa» lortu duelako eta «identitateen inguruko eztabaidak» alboratu dituelako.
Egibar: «Oposiziotik gobernatzen ari gara»
EAJko buruak salatu du Bilduren eta Patxi Lopezen kudeaketak «inprobisazioan» oinarrituta daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu