Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak lehengo astean zioen prest daudela PSOErekin eta PPrekin ere hitz egiteko balizko bake eta normalizazio politiko prozesuan, baina gaur Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ezezkoa eman dio, baldintzak jarrita. "Armak eta hildakoak dauden bitartean alferrikakoa da Otegirekin hitz egitea, eta ez dugu nahi", esan du Egigurenek Euskadi Irratian, goizean egin dioten elkarrizketan. ETAren armez eta honek eragindako hildakoez ari zen.
Erakunde armatuak Eduardo Antonio Puelles Espainiako Poliziaren Bizkaiko buruetakoa hil zuen lehengo ostiralean Arrigorriagan (Bizkaia), eta hilketa "espero" zuela aitortu du PSE-EEko presidenteak, eta hurrena ere halako gehiago egon daitezkeela. "Izan ere, ETAk egiten dakien gauza bakarra terrorismoa da". ETAk jakinarazi zuen uda aurretik bukatuko zuela barne gogoeta, baina Egigurenek dio ez duela hortik ezer espero eta berak ez duela espekulaziorik egingo. "Inposaketa besterik ez dute nahi haiek".
Eusko Jaurlaritza berria izateak -PSE-EEk osatutakoa da lehen aldiz-, bakebidean ere "aldaketak" ekar ditzakeela uste du eta hori bi urtera igarri daitekeela esan du, beste batzuetan iragarri izan duen bezala, "baina hau ez da unerik egokiena horretaz hitz egiteko, ostiralean hilketa izan baitzen". Dena den, sozialistek "borondate oso-osoa" dute "bakea lortzeko", euren "eginbeharra" hori dela adierazi du Egigurenek, baina zehaztu du bakea "[Espainiako] Estatuak tresna demokratiko eta legal denak martxan jartzen baditu" lor daitekeela. Ez du negoziazio politikoaz hitz egin.
ETAren azkeneko hilketaren ondoren Jaurlaritzaren aldetik "zerbait berria" ikusi dela iritzi dio, "garbi hitz egin duelako, lehengo mila kexa politikoak hilketaren gaitzespenarekin nahastu gabe".
Bloke independentista, "politika fikzioa"
Otegik iragarri du udazkenean jar dezaketela martxan bloke independentista hainbat eragilek, baina horri ere ez dio garrantzirik ematen PSE-EEko presidenteak. "Ez da ezer berezirik gertatuko udazkenean, eta polo subiranista delako hori politika fikzioa da, ez du izango transzendentziarik politika barruan".
Politika
Egiguren: "Armak eta hildakoak dauden bitartean ez dugu nahi Otegirekin hitz egiterik"
PSE-EEko presidenteak dio eurek "borondate oso-osoa" dutela "bakea lortzeko", baina ez du negoziazioa aipatu oraingoan. "Estatuak tresna demokratiko eta legal denak martxan jartzen baditu lor daiteke bakea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu