Jesus Egiguren PSE-EEren presidentearen esanetan, «uste baino gertuago» dago euskal gatazkaren amaiera. ETAk Gabonetan su-eten egiaztagarria iragarriko duela dio, eta «hiltzen duen terrorismoa praktikoki amaitu» egingo dela. ETA desegiterik ez du aurreikusten, hala ere. «Erakunde terroristak ez dira ia inoiz desegiten, baina ezer egin gabe geratzen dira, IRAren kasuan gertatu den bezala».
Legebiltzarrerako bozetan
Baikor mintzatu zen Egiguren igandean La Sexta telebista kateko Salvados programan konponbideari buruz. Batasunak abiatutako bidea «tranpa prozesua» izan litekeen aukera baztertu zuen, eta ezker abertzalea legeztatuko den ustea plazaratu zuen; erregistroan estatutu berriak aurkeztuko dituela, ETAk aurrez esandako pausoak betetzen baditu legeztatu egingo dela eta hauteskundeetara aurkeztuko dela. Hala ere, PSE-EEren presidenteak zail ikusten du datorren urteko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko aukera izatea. «Baina Eusko Legebiltzarrean egongo dira».
Edonola ere, «uste baino askoz lehenago» konponduko da gatazka, haren ustez, «alde guztietan daudelako mugimenduak; benetako lurrikara dago; niri katarsia esatea gustatzen zaidana». «Dena» aldatu dela iruditzen zaio Egigureni: «Herria, EAJ, ezker abertzalea aldatu dira; politika armatuari agur nola esango dion esaten ari da ETA, eta Batasunak erabaki du amaitu dela». Alderdi sozialistak ere aldatu behar lukeela dio, gainera: «Ea gu ere pixka bat aldatzen garen. Gobernuan gaudenez, hor gaude geldi antzean». Urrats batzuk egin eta presoak Euskal Herrira gerturatu beharko liratekeela ere esan du. Edonola ere, baikor da oso: «Datuek diote amaitzen dela, prozesua atzeraezina dela, eta ni zoriontsu naiz euskal legealdi honetan istorio hau amaituko dela pentsatuta; erabat seguru nago».
PSOEk ez du bat egiten
PSOEk ez ditu Egigurenen hitzak babestu: «Ikuspegi baikorragoa du, eta alderdiak ez du berekin bat egiten», ohartarazi du Marcelino Iglesiak Antolakuntzarako idazkariak. Gai horretan Egigurenekin ez duela bat egiten azaldu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak ere. Berretsi du Espainiako Gobernuak ez duela koma bat bera ere aldatu ETAren kontrako estrategian.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hitz egin du. «Batzuetan nahi duguna ikustera eramaten gaitu antsietateak, errealitateak hori baieztatu ez arren, eta horixe da azken egunetan pasatu zaiguna». Sistema demokratikoan sartu nahi badu urratsak egin behar dituena Batasuna bera dela berretsi du.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak «terroristen jokoan» ez sartzeko eskatu du, eta Egigurenen hitzei balioa kentzeko eskatu die bai PSOEri bai Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari.
Aralarreko Patxi Zabaletak, berriz, «oso baikor» jo ditu Egigurenen hitzak, «esperantzaz betetako egoera berria baden sinesmenarekin» bat egin duelako.
Egiguren: «Gatazka uste baino lehenago amaituko da»
«Mugimendua» alde guztietan dagoela dio, PSOE «geldi antzean» dagoela eta «pixka bat» aldatu behar lukeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu