Politika

Egigurenek dio "hau dena bukatzeko aukerarik txikiena egonez gero", ETArekin hitz egiteko prest egongo direla

"ETA geratzen bada eta ez badu hiltzen, mundu guztiak ulertzen du bukaera elkarrizketatua bilatzeko ahalegina egin daitekeela", esan du PSE-EEko presidenteak.

2008ko ekainaren 30a
11:52
Entzun
"ETA geratzen bada eta ez badu hiltzen, mundu guztiak ulertzen du bukaera elkarrizketatua bilatzeko ahalegina egin daitekeela, nahiz eta hau esatea askok gaur egun kritikatu egiten duten. Politika eta logikaren barruan sartzen da. Hau dena bukatzeko aukerarik txikiena egonez gero, gu beti prest egongo gara". Hala dio gaur Jesus Egigurem PSE-EEko presidenteak El Mundo egunkariari eman dion elkarrizketan. "Inork ulertuko ez lukeena, hau da: zurekin mahaian dagoena denboraldi batez hiltzera joatea eta, itzultzean, hizketan geunden horretan segituko dugula esatea". Azkeneko bake prozesuan "ETAk hiltzeari uzteko" sozialistek "ahalegin berezia" egin zutela uste du.

ETArekin "politikaz behin ere ez" dutela hitz egin azpimarratu du Egigurenek. Politikaz Batasunarekin egon izan direla dio. "Zertaz hitz egin behar duzu Batasunarekin, politikaz ez bada? Futbolaz edo eguraldiaz? Batasunarekin politikaz hitz egiten da". "Bakeak merezi du", haren ustez, "baina [ezker abertzaleak] ETAren esanetara segitzen duen bitartean, legez kanpokoa izan behar du".

PSE-EEren helburua arazoak "konpontzea" dela dio haien presidenteak. "Euskal herritarrek horrela ikusten gaituzte".

Eusko Legebiltzarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa egiteko onartutako legeaz, Egigurenek esan du "ezker abertzalea, [Espainiako] Estatuarekin enfrentamendua izateko beste pauso bat ematera behartzen" ari dela Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, "baina esparru horretan maisua, ezker abertzalea da. Bera [Ibarretxe] iritsi berria da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.