POLITIKA

Egigurenek legebiltzarreko aulkia utziko du, "nekatuta" dagoelako

Eusko Legebiltzarrerako zerrendetan azkeneko aurkeztuko da Jesus Egiguren urriaren 21eko bozetan; kargua utziko du, 30 urteren ostean. Erabakiaren atzean arrazoi politikorik ez dagoela adierazi du PSE-EEko presidenteak, "bake espirituala berreskuratzeko" asmoa baizik. 

Berria.info
2012ko irailaren 4a
15:26
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako zerrendetan azkeneko aurkeztuko da Jesus Egiguren urriaren 21eko hauteskundeetan; hala, legebiltzarreko aulkia beste bati utziko dio, 30 urteko jardunaren ostean. Aurrez pentsatutako erabakia zen, eta, gaur El Diario Vasco egunkarian egin dioten elkarrizketan, berretsi egin du politikatik aldentzeko asmoa duela. "Jomugan egoteaz nekatuta nago", adierazi du. 

Erabakiaren atzean arrazoi politikorik ez dagoela adierazi du Egigurenek, "bake espirituala berreskuratzeko" asmoa baizik. Politikari lotuta jarraituko duela esan du, eta alderdiari laguntzeko prest izango dela, baina atzeko lerroetatik. "Protagonismoa galtzeak ez du esan nahi politika uztea; ni beti izango naiz politikari". Presidente karguarekin zer gertatuko den galdetuta, ez du erantzun argirik eman Egigurenek: "Atzealdeko planora igarotakoan erabaki batzuk hartu beharko dira; nik alderdiak esandakoa beteko dut". 

Euskal Herrian bake prozesua abian delarik, bere eginbeharra bete duela sentitzen du Egigurenek: "Jada ez naiz beharrezko". Etorkizunaren inguruan gogoeta egin behar duela azaldu du, "politikan birziklatzea oso zaila delako". 

"Eraman dudan bizitzak hutsik utzi nau. Niretzako bakea behar dut", adierazi du PSE-EEko buruak. Legebiltzarkide izateari uko egitearen atzean osasun arrazoirik ez dagoela ere aitortu du, "animoa" berreskuratzeko helburua besterik.

Angel Amigok Egigureni buruz egin duen dokumentala —Konspiratzaile baten memoriak— Zinemalditik kanpo geratu da. Erabaki horretaz galdetuta, "ulertezina" zaiola esan du sozialistak, "baten batek pentsatuko zuen pelikula hauteskundeekin batera jartzeko bezain azkarrak garela". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.