politika

Egigurenek uste du euskal presoentzat ibilbide orri bat behar dela

Amnistiarik edo indultu kolektiborik ez dela izango esan du PSEko presidenteak, baina damuaren bideak etorkizunik ez duela ere azaldu du. "ETA jadanik ez dago. Presoak daude". ETB1eko 'Bisitaria' saioan izan da.

2012ko ekainaren 1a
15:20
Entzun

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak uste du euskal presoentzat ibilbide orri bat izatea beharrezkoa dela. Izan ere, "preso batek jakitea nahi duena da noiz irten behar den, zer prozesu ezarriko dioten". Adierazi du gaur egun Espainiako Gobernuak ez duela halakorik eta "gaizki" ari dela. Haren arabera, "Batasunak" ez du gaiari buruzko bidea markatuta. 

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bihar barne eztabaidaren ondorioak jakinaraziko ditu Gernika-Lumon (11:00, Elai Alai aretoa). Atzo Joseba Permach ezker abertzaleko kideak iragarri zuen adierazpena "historikoa" izango dela eta "oraingo egoera politikoa hankaz gora" jarriko duela.

Egigurenek esan du euskal presoentzat ez dela amnistiarik edo indultu kolektiborik izango, baina damuaren bideak etorkizunik ez duela ere azaldu du.

PSEko presidenteak adierazpen horiek ETB1eko Bisitaria saioan egin ditu. Bart eman dute programa, ordubete pasatxokoa. Aizarna Zestoako auzoan, Xoxoten edota Txilarre Elgoibarko baserrian —han egin zituen elkarrizketak Arnaldo Otegirekin hark aurreko bake prozesuaren aurretik— egon zen Xabier Euzkitze kazetariarekin.

Egigurenen beste adierazpen batzuk:

- "Otegi mendeku politikoagatik dago kartzelan. Ez dauka zentzurik kartzelan egoteak".

- "Ez daukat gorrotorik, eta ez dut nahi barkamena eskatzerik. Damutzen badira barruan eramango dute, niri berdin zait esan edo ez esan. Ez da adiskidetze arazorik izango."

- "[Javier Lopez Peña] Thierry-k bota zuen Loiola [negoziazioak]. Ezagutu nuenean andreari esan nion: alferrik da, ez dago ezer egiterik. Hizkuntza aldatu zuen".

- "ETA jadanik ez dago. Presoak daude".

- "Ni nazionalista sentitzen naiz, baina sabinianoa ez. Ez Euskadikoa, Euskal Herrikoa. Zentroak Nafarroa izan behar du. Gu [EAE] Nafarroan sartzeko aukera jarri izan balute —ez alderantziz, xedapen gehigarrian jartzen duen bezala—, dena eginda egongo zen. Baten batek ederki engainatu zituen hauek [abertzaleak]".

- "Nazio bat egin daiteke, Euskal Herria, independentziarik gabe, subirania eta konstituzioa partekatuta. Hemengo abertzaleek subirania nahi dute, baina hori ez dago. Konparazio batera, Espainia ez da subiranoa, hori partekatua du Europarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.