Egigurenen tesia bideragarri egiteko eskatu dio ezker abertzaleak Lopezi

Alderdi guztien arteko akordio politikoa bideratzea eta errespetatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzako lehendakariari

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEren presidentearen «formulari» heltzeko eta alderdi guztien arteko akordio politikoa bideratzeko eta errespetatzeko eskatu dio ezker abertzaleak Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. «Lopezek bi ikasgai ditu gainditu gabe: baldintza demokratikoak guztiontzat bermatzea eta Egigurenek 2005. urtean aldarrikatzen zuen formulari bide ematea; izan ere, guztion arteko akordio politiko bat bideratu eta errespetaraztea euskaldunoi dagokigu».

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak larunbatean eginiko adierazpenei erantzunez, editorial bat argitaratu du ezker abertzaleak ezkerabertzalea.info atari digitalean. Lopezen «ohiko mugiezintasuna eta geldotasuna» kritikatu baditu ere, ezker abertzaleak baikor hartu ditu haren hitzak. «Itsaso berrietan nabigatu beharko duela adierazi zuen zeharka».

«Ezker abertzalea mugitzen bada, besteak ezin gara bakoitza gure bidetik joan eta hala demokraten arteko aldeak handitu», adierazi zuen Lopezek Donostiako Kursaalen. Hitz horiek sinesgarri egin nahi baditu Lopezek «demokraziaren bidean» urratsak egin behar dituela adierazi du ezker abertzaleak. «Hilabete hauetako irakaspenek ez diete jadanik tarterik uzten topikoei».

Horren harira, Serafin Llamas EB Ezker Batuko bozeramaileak ere eskaera zuzena egin dio Lopezi: «Espainiako Gobernuari ezker abertzalea legeztatzeko exijitu behar dio eta alderdien mahaia deitu behar du». Esandakoarekin «koherente» izan nahi badu Lopezek modu horretan jardun behar duela uste du Llamasek.

Aralarrek ere hizpide izan ditu PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzak. «Ahal den neurrian gainontzeko indar politikoei dagokigu herri honen egoera politikoa eta soziala hobetzen laguntzea», adierazi du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. Hala, ezker abertzaleak egindako «urrats garrantzitsuak» aintzat hartzeko eta indar politiko horri «bidea errazteko» eskatu dio EAEko lehendakariari.

Elkarlanerako eremuak

Aralar lan horretan ari dela adierazi du Abrilek, eta bide horretan Gernikako Akordioak duen garrantzia nabarmendu du. Akordio horrek, baina, datorren urteko udal eta foru hauteskundeekin harremanik ez duela azaldu du. Abrilen arabera, «bat egiteko baldintzarik ez» dago egun; hala ere, ez du baztertu hauteskundeen ostean subiranista eta abertzaleen arteko elkarlana instituzioetara ere zabaltzea.

Abrilen ustez, EAk eta ezker abertzaleak ez dute egoki jokatu akordioa gizarteratzeko orduan. Iruñean eta Gasteizen eginiko ekitaldiak «politikoki kapitalizatu» nahi izatea leporatu die-Aralarreko ordezkaririk ez zuen parte hartu ekitaldi horietan-. Gai horren inguruan bilerak egin dituztela jakinarazi du Abrilek; horren emaitza da Donostian herenegun eginiko ekitaldian Aralarreko kideek parte hartu izana.

Abrilen hitzei erantzunez, Nafarroako ezker abertzaleak adierazi du Nafarroan «benetako aldaketa» ezkerreko indar subiranisten metaketatik etorriko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.