Espetxe politikaren salaketa eta presoen eskubideen defentsa «lau haizetara» zabaltzeko asmoz, datorren larunbaterako mobilizazioak antolatu ditu Egin Dezagun Bidea ekimenak Euskal Herri osoan. Ekimeneko ordezkariek jakitera eman dutenez, hiriburuetako erdiguneetan, turista eta bisitariak biltzen diren tokietan, euskal kostaldeko hondartzetan eta errepideetan ekimenak egingo dituzte presoen defentsan. Elkarretaratzeak, giza kateak, hizkuntza ezberdinetan idatzitako eskuorrien banaketa, martxak eta beste hainbat ekimen antolatuko dituzte. «Indarrak batu eta euskal gizarteak espetxe politikaren salaketa lau haizetara zabaltzeko aukera ezin hobea izango da», azpimarratu du Beñat Zarrabeitiak, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak.
Datorren larunbateko mobilizazio eguna ez ezik manifestazio nazionala ere antolatuko dutela aurreratu dute. Irailaren 17an izango da, Donostian, Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira, Egin Dezagun Bidea leloa hartuta. Ekimeneko kideak ziur dira egun horretan ere euskal gizarteak ezetz esango diola egungo espetxe politika «ankerrari». Manifestazioari buruzko xehetasunak, ordea, irailaren 3an emango dituzte, agerraldi batean.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak datorren larunbatean Arabako errepideetan egitekoak ziren lau mobilizazio debekatu ondotik, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek jakinarazi dute elkarretaratze horiek mantentzen saiatuko direla, beste toki batzuk aukeratuta. Adierazi dutenez, argi dute larunbatean espetxe politikaren salaketa «presente» egongo dela Araban.
Indar metaketa helburu
Joan den apirilean bere burua jendaurrean aurkeztu zuenetik, bide orria betetzen aritu da Egin Dezagun Bidea ekimena. Euskal presoen eskubideen aldeko lana ardatz hartuta, alor askotariko eragile eta adituekin «indar metaketa» bultzatu du. Orain arte egindako bidea «oparoa» izan dela nabarmendu du Zarrabeitiak. Horren isla da Egin Dezagun Bidea ekimena martxan jarri zenetik Euskal Herriko txoko askotan presoen aldeko Herri Bilguneak sortu direla, Bilbon eta Iruñean manifestazio jendetsuak egin direla eta azken ostiraletako mobilizazioak «geroz eta zabalagoak eta jendetsuagoak» direla.
Ekimeneko kideen ustetan, ezinbestekoa da indar metaketa lortzea egungo espetxe politikaamaitzeko. «Espetxe politikak errepresio terminoetatik konponbide demokratiko baten irizpideetara igaro behar du, eta aldaketa berehala egin behar da». Aldaketa hori egungo egoera politikoak ez ezik euskal gizartearen gehiengo sozial eta politikoak ere eskatzen duela nabarmendu dute.
Hori horrela, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak berehala askatzea funtsezkoa dela uste dute. Besteak beste, gogorarazi dute Txus Martin eta Ibon Iparragirre presoenegoera oso larria dela eta espetxean jarraituz gero hiltzeko arriskua dutela. «Europako espetxe politikarik gogorrena du Espainiako Estatuak», salatu dute. Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrinarekin, gainera, euskal presoei bizi guztiko zigorra «de facto» ezartzen zaiela salatu dute ekimeneko ordezkariek. Egun, 71 euskal presori aplikatu diete neurri hori.
Zabaldu den aro politikoan lege horrek ez duela lekurik ohartarazi dute Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek, eta eskubide urraketa denak amaitzeko garaia badela erantsi. Hala, mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, «guztionartean eskubide guztien errespetua oinarri izango duen aro berria eraiki ahal izateko».
Euskal presoak
Egin Dezagun Bideak presoen alde mobilizatzera deitu du hilaren 30erako
Hiriburu, hondartza eta errepideetan izango dira mobilizazioak; irailaren 17an, manifestazio nazionala egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu