Iragan asteko ostegunean Eusko Legebiltzarrean egiten ari ziren osoko bilkuran salatu zuen Borja Semper PPko legebiltzarkideak "faxista" deitu ziotela. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ez zuen horrelakorik entzun, eta, beraz, erabakirik ez hartzea erabaki zuen. Tejeriaren "jarrera pasiboa" kritikatu zuen PPk.
Gaur, ordea, barne ikerketa abiatzea erabaki du legebiltzarreko mahaiak, EAJk, PPk eta PSE-EEk aldeko botoa emanda. EH Bilduk, ordea, aurka egin du. Legebiltzarreko presidentetzako iturriek adierazi dutenez, ez dago bideorik Semperri "faxista" nork deitu zion jakiteko. Aldiz, badago audio grabaketa bat, baina ez da antzematen esandakoa "faxista" hitza den ezta nork esaten duen ere.
PPko legebiltzarkide Anton Danboreneak esan du eginbideek ez luketela astebete baino gehiago iraun behar. Legebiltzarkideren batek Semperri "faxista" deitu ziola ebatzi, eta nor izan zen argitzen badute, falta arina ezar diezaiokete legebiltzarkide horri, Eusko Legebiltzarreko araudiaren arabera. Gehienera, hilabetez legebiltzarkide akta kentzea izan daiteke zigorra.