Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 8.109 proba diagnostiko egin ziren birusa detektatzeko, Hego Euskal Herrian. Horien guztien %9,3k eman zuten positibo: 759 kutsatu atzeman ziren, beraz. Datuek erakusten dute pandemiaren bilakaera egonkor dagoela: herenegun, 756 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian; asteazkenean, 849; asteartean, 900, eta, astelehenean, 792.
Zehazki, Hegoaldeko osasun sistemek plazaratutako informazioari so, atzo Bizkaian zenbatu zuten kasu gehien: 341. Nafarroan, 155 detektatu zituzten; Gipuzkoan, 148, eta Araban, berriz, 104.
Ospitaleetan ere bistan da eragina izan duela transmisioaren goraldiak. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, eta, erietxeratzeei dagokienez, atzo 51 pertsona sartu zituzten ospitalera birusaren sintomak larriagoturik. Horietako 7 Osasunbideak Nafarroan ospitaleratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako lau ZIUetara eraman zituzten zuzenean. Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitzarekin loturiko beste heriotza baten berri eman du. Oraintxe, 101 gaixo daude Hegoaldeko ZIUetan gaitzak jota.