Gaur aurkeztu du Gora Iruñea plataformak sanferminetan Arrotxapeko Runa parkean jarriko duen Jai Gunea. Egitarau mardula prestatu dute. Besteak beste, Esne Beltza, Betagarri, Berri Txarrak eta Kashbad taldeek kontzertua eskainiko dute. Baina, musikaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira, bertsolariak, bazkariak, Irrien Lagunak, dantzak... "Uztailaren 6tik aurrera, Jai Gune berritua izanen dugu Runan. Azpiegiturak berritu, Txiki gunea sortu, jantokia antolatu eta 204 orduko egitaraua", azaldu du Gora Iruñeak.
Iruñeko Udalaren jarrera salatu du plataformak prentsaurrekoan: "Autoritarismoa oinarri, UPNk bere kasara gobernatzen du hiria, herritarron parte hartzea baztertuz eta iruindarrak gutxietsiz. Horren adibide argia aurtengo sanferminei begira udalak izan duen jokaldia dugu. Berriro ere, eta gurekin kontatu gabe, Iruñeko Udalak Runako espazioa lehiaketara atera du". Oztopoen gainetik, gunea jartzeko asmoa duela berretsi du, hala ere, plataformak.
Iaz, azkeneko unera arte zalantzan izan zen Gora Iruñearen gunea, udalarekin izandako arazoen ondorioz. Azkenean, uztail hasieran lortu zuten gunea jartzeko baimena.