Hego Euskal Herriko egitura instituzionalari buruzko «eztabaida osoa» eta «zentsura eta bazterketarik gabekoa» abiatzeko eskatu du Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak. «Eraikuntza nazionalaren eta erabakitzeko eskubidearen eztabaidak hasi gabedaudenean ez dezaten iruzurrik egin», azaldu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Erakundeen arteko bikoizketak eta gabeziak aztertzen dituen Eusko Legebiltzarreko batzordean egin ditu adierazpen horiek Garitanok. Gipuzkoako diputatu nagusiarekin batera batzordean parte hartu dute Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak eta Jose Luis Bilbao Bizkaikoak. Haiek ere kezkatuta azaldu dira erakundeen arteko bikoizketekin, baina gaur gaurkoz egungo egitura instituzionala aldatzearen aurka daudela adierazi dute. Bilbaoren iritziz, «euskal ereduak —Eusko Jaurlaritzak, foru diputazioek eta udalek osatzen dutena— funtzionatu egin du eta funtzionatzen jarraituko du». «Duela 30 urte Euskal Autonomia Erkidegoa nola zegoen edota inguruko erkidegoak nola dauden ikustea besterik ez dago hori hala izan dela berresteko». «Euskal gizartean lehentasunik ez duen eztabaida da hori», gaineratu du agintari jeltzaleak.
Egungo egitura instituzionalari buruzko hausnarketa abian jarri asmoz, Lehendakaritzak txosten bat kaleratu zuen urrian. Azterketa horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 403 milioi euro gastatzen dira erakundeek eskaintzen dituzten bikoiztutako zerbitzuetan. Txostenean jasotako hainbat datu eta txostena egiteko erabilitako metodologia kritikatu dute hiru diputatu nagusiek.
Aldeko eta aurkako jarrerak
Lehendakaritzak egindako txostena ez duela ontzat ematen azaldu du Garitanok, hura egiterako orduan ez delako aldundien iritzia kontuan hartu. Hala ere, bikoiztasunak daudela onartu du, eta egungo euskal erakundeen egituraren inguruan hausnarketa egin behar dela nabarmendu. «Guk eztabaida hori egin nahi dugu; Europaren erdian herrialde bat eraiki nahi dugu, Euskal Herria, eta egiten badugu, erakundeen egitura eta eskuduntzak egungoen desberdinak izango dira», azaldu du.
Gipuzkoako agintariak adierazi duenez, Bildu ez da foru aldundien defendatzaile sutsua eta ez zaio Lurralde Historikoen Legea «gustatzen», baina, gogoratu du koalizioko hautetsiek esparru juridiko horretan jarduten dutela gaur egun, eta nabarmendu du «erakundeen artean eraginkortasun handiena» lortu nahi dutela.
Arabako diputatu nagusiaren iritzian, berriz, «azterketa-gidoi bezala» erabil daiteke Lehendakaritzaren txostena, «baina ez da behin betikoa». PPko agintariak ez du argitu EAEko egitura instituzionala aldatzearen alde dagoen edo ez. Baina nabarmendu du eztabaida hori abiatzeko «bat egite nahikoa» ez dagoela egun.
De Andresek zehaztu duenez,txostenean azaltzen diren bikoizketak «erro historikoak dituen erakundetze sistema baten ondorio dira», eta gogoratu duenez, askotan Eusko Jaurlaritza bera da beste erakundeen ekarpenak eskatzen dituena.
Jose Luis Bilbaok, berriz, gogor kritikatu du «Eusko Jaurlaritzaren propaganda zerbitzu ofizialak» egindako txostena. «Bikoiztasunak aldundietan bakarrik sortzen diren itxura eman nahi dute». Hori dela-eta, Eusko Legebiltzarreko batzordeari beste txosten «sinesgarriago eta zorrotzago» bat egiteko eskatu dio agintari jeltzaleak.
Egitura instituzionalari buruz hausnartzera deitu du Garitanok
Erakundeen arteko bikoizketak aztertzen dituen Batzordean parte hartu dute diputatu nagusiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu