Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur eguerdian egin dituzte koronabirusaren bilakaera aztertzeko agerraldiak. Lehenik eta behin, datu eguneratuen berri eman dute: atzotik beste 46 hildako erregistratu dira, eta 345 kasu baieztatu. Beraz, guztira, 1.154 hildako eragin ditu koronabirusak Hego Euskal Herrian, eta 15.721 kasu baieztatu dira. Egun, 1.765 lagun daude ospitaleratuta; sendagiria, berriz, 191 lagunek jaso zuten, eta guztira 6.236 pertsonak jaso dute jada.
Lurraldeka, hauek dira datuak: Bizkaian daude kasu gehien, eta 6.239 positibo baieztatu dituzte han, atzo baino 155 gehiago; Nafarroan, 4.246 dira positibo eman dutenak (+96); Araban, 3.075 (+20), eta Gipuzkoan, 2.161 (+74).
Gaur antzeko mezuak helarazi dituzte Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Santos Indurain Nafarroako Gobernuko kontseilariak, egoeraren bilakaera azaltzeko egindako prentsaurrekoetan. Datuak aztertuta, egoera «egonkortu» egin dela esan dute biek, batez ere osasun etxeeetan; besteak beste, Sanchezek jakinarazi du atzo baino zortzi pertsona gutxiago daudela zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 56 gutxiago ospitaleratuta.
Test gehiago
Biek nabarmendu dute test azkarren erabilera «laguntzen» ari zaiela egoera analizatzen. Atzo guztira 2.486 proba egin ziren Hegoaldean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan test gehien egin diren eguna izan zela azpimarratu du Sanchezek, eta positibo eman zutenen ehunekoa inoizko baxuena: %13. Test azkarrak lehendik erabiltzen ari ziren PCR probekin «konbinatzen» ari direla adierazi dute bi gobernuek, «datuak fidagarriak izan daitezen».
Maskaren erabilerari buruz galdetuta, Sanchezek esan du oraindik «goizegi» dela haien erabilera orokortuaz jarduteko, nahiz eta aitortu duen farmaziak «alternatiba bat» izan daitezkeela maskarak banatzeko.