2012an gora egin zuen etorkinek SOS Arrazakerian aurkeztutako kexa eta salaketa kopuruak, batik bat apetazko identifikazioekin, sarekadekin eta polizien abusuekin lotutakoak. Arrazakeriari buruzko urteroko txostena aurkeztu du gaur SOS Arrazakeriak Bilbon, eta nabarmendu du kanpotarren identifikazioak “ohiko” bihurtu direla. “Identifikatzen dituztenei kanporatze agindua abiatzen diete, eta asko Madrilgo atxikitze zentrora bidaltzen dituzte”, azaldu du Brigida Ridruejok. Agustin Unzurrunzagak erantsi du zentro horiek sistematikoki urratzen dituztela giza eskubideak: “Kartzelak dira, baina bertan daudenek ez dute deliturik egin; falta administratibo bat baino ez dute”.
Horretaz gain, erakunde publikoei begira, murrizketekin lotu dute 2012ko jarduna. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, osasun eskubideak moztu dituztela salatu dute, Eusko Jaurlaritzak urtebeteko errolda eskatzen baitie etorkinei osasun txartela emateko; baldintza hori kentzea galdegin dio SOS Arrazakeriak. Nafarroako Gobernuari ere eskaera egin dio: diru sarrera bermatzeko errentarako sarbidea eman diezaien paperik gabekoei.
Era berean, SOS Arrazakeriako kideek kezka agertu dute Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren iazko txostenak agertutako emaitzekin. Tolerantzia indizea jaitsi eta paperik gabekoak kanporatzearen aldeko joera igo izana “oso negatibotzat” jo du Unzurrunzagak, eta “diskurtso politiko xenofoboekin” lotu du: “Bertakoak lehenestearen aldeko diskurtsoa Europako eskuin muturraren oinarria da”.
Gizartea
Egoera irregularrean daudenen identifikazioak "ohiko" bihurtu direla salatu du SOS Arrazakeriak
Osasun arreta jasotzeko, etorkinei urtebeteko erroldaren beharra kentzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta paperik gabekoei diru sarrerak bermatzeko errentarako sarbidea emateko Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu