"Marotoren hitzak entzun genituenean min izugarria sentitu genuen. Gure auzokideen aurkako kolpe itzela izan da", adierazi dute Aitor Corresek (Gasteiz, 1984) eta Antonio Escalantek (Madril, 1962), Egin Ayllu alde zaharreko auzokideen elkarteko kideek. Javier Maroto Gasteizko alkateak Magrebeko etorkinei eta diru sarrerak bermatzeko errentari buruz esandakoei buelta emateko, berrogei orrialdeko txostena egin dute: Marotoren elektoralismo arrazistaren gezur eta faltsukeriak desegiten. Bertan, alkateak zabaldutakoak gezurtatzeko hainbat datu eman dituzte. Txostena eskuragai dago Lagenterula blogean.
Zergatik egin duzue txostena?
ANTONIO ESCALANTE: Marotoren hitzak entzun genituenean min izugarria sentitu genuen. Gure auzokideen aurkako kolpe itzela izan da. Horregatik erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Alkatearen hitzei aurre egiteko eta auzokideei elkartasuna adierazteko. Auzoko biztanleen %20 atzerritarrak dira jatorriz. Beraz, auzokide horien guztien alde gaudela adierazi nahi dugu. Alkateak dio jende askok esan diola zeinen ondo egiten ari den. Hortaz, guk kontrakoa egin nahi genuen. Alkatearen hitzen aurka gaudela eta horren aurkako kanpaina egiteko prest gaudela adierazi.
Nola egin duzue txostena?
AITOR CORRES:Kaleko argudioak zeintzuk diren jakiteko, Interneteko foroetara jo genuen. Bertan ikusi genuen zer-nolako basakeriak eta gezurrak kontatzen zituzten. Beraz, biltzen hasi ginen, eta pentsatu genuen ea nola buelta eman ahal genion horri guztiari. Badakigu arrazistak ez ditugula konbentzituko, baina badago jende asko zalantzan dagoena eta ez dakiena telebistan esaten dutena egia edo gezurra den. Beraz, datuak bilatzen eta artikuluak irakurtzen hasi ginen, eta irailean aurkeztu genuen txostena.
Zer aurkituko du irakurleak txostenean?
A.C.: Hasieran, fenomeno migratzaileari buruzko sarrera egin dugu. Bertan, Espainiako Estatuan zer-nolako migrazioak gertatu diren azaldu dugu, aspaldiko kontua baita hori. Hainbatetan ahaztu egiten zaigu gutako asko etorkinak izan garela. Adibidez, badago 1949ko berri bat esaten duena Kanaria uharteetako 160 etorkin atxilotu zituztela Venezuelako kostaldean. Horrez gain, erakutsi dugu Maroto egiten ari denaren antzeko diskurtsoak daudela Europan Espainiako etorkinen aurka.
Bigarren zatia da mamitsuena. Alkatearen bederatzi gezur aukeratu ditugu, eta banan-banan buelta ematen diegu bakoitzari buruzko hainbat datu eskainiz. Argi eta garbi ikusten da gezur hutsak direla, eta nola Maroto hauteskundeetarako kanpainaurrearekin hasi den.
Hala ere, txostena atera genuenetik Marotok eta Javier de Andres ahaldun nagusiak gezur berriak bota dituzte. Adibidez, esan zuten SOS Arrazakeriak 1.252 erroldatze egin zituela euren egoitzan diru sarrerak bermatzeko errentak jasotzeko. Erroldatzeak egin zituzten, baina Osasun txartela lortzeko. Legez, bi errenta baino ezin dira jaso helbide bakoitzeko. Hori eurek badakite, baina berdin zaie.
Alkateak bereziki Magrebeko etorkinen aurka jo du. Zergatik?
A.E.: Nik uste dut hori hauteskundeei begira egindako zerbait dela, Hego Amerikako etorkin askok bozkatzeko eskubidea baitute. Batez beste, bi urteren ostean nazionalizatzen dira Hego Amerikatik etorritakoak. Magrebetik datozenek, ordea, hamar urte behar izaten dituzte horretarako. Beraz, ez du guztien aurka jotzen. Hego Amerikakoen aurrean bere burua zuritzen du, eta Magrebekoei egurra ematen die.
Zergatik dute horrenbeste oihartzun gisa horretako kanpainek?
A.E.: Gasteizen, 1950eko hamarkadan 50.000 pertsona bizi ziren. Beraz, gasteiztar asko ez dira hemen jaioak, eta badago jende asko konplexu hori duena. Baina beste kontinente batetik etorritako jendearekin konparatuz, jada ez da kanpokoa sentitzen. Marotok badaki sentimendu hori existitzen dela. Euren kontuak egiten dituzte, eta alde ateratzen bazaie, hortik jotzen dute.
A.C.: Diru sarrerak bermatzeko errentaren gaia eta Lanbideren kudeaketa nahastu dituzte. Gezur horiekin jendeak benetako egoera ez ulertzea nahi dute, eta agintariekin haserretu beharrean, jendea ondokoarekin haserretzea nahi dute. Horrelakoak entzun ostean, norbait Lanbidera badoa eta ikusten badu ikaragarrizko ilara dagoela, errua aurrerago dagoen Magrebeko lagunari botako dio, eta ez Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari. Alkatearen mezua gizartean sartzen ari da. Egoera oso larria da; marra gorria gero eta urrunago dago. Gero eta ohikoagoa da edozein tabernatan iruzkin xenofoboak entzutea. Pedagogia lan handia egin behar dugu.