Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru etxebizitzatik bat egoera txarrean edo oso txarrean dago, eta horietan esku hartzeko beharra «oso nabarmena» da. Datu «esanguratsu bezain kezkagarri» hori eman du Eusko Jaurlaritzak, plazaratu berri duen Esku hartze premiak Euskadin eraikita dagoen etxebizitza parkean izeneko ikerketaren bidez. Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendari Ignacio de la Puertak aurkeztu zituen ikerketaren emaitzak, atzo, Bilbon, egoera zehaztasunez azaltzeko 251 udaletako ordezkariekin bilera egin aurretik.
Tecnalia enpresak egin du lan estatistikoa, Madril eta Donostiako Arkitektura Eskolen laguntzarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1980 aurretik eraikitako etxebizitzak zein hiri inguruak aztertu dituzte, eraikitako espazio publikoaren egoera ezagutzeko helburuarekin. De la Puertak adierazi duenez, «zaurgarritasun egoeran dauden auzoak identifikatzea zen xedea, auzo horiek dituzten gabeziak zehaztasunez ezagutzeko».
Eraikinen egoera zehazteko, bost irizpide erabili dituzte ikertzaileek. Alde batetik, zaurgarritasun soziala aztertu dute. Auzo bakoitzean bizi diren biztanleen jatorria, adina, ikasketa maila eta errenta hartu dituzte kontuan horretarako. Bestetik, eraikuntzen egonkortasuna aztertu dute, antzinatasuna, tamaina eta egituraren arabera sailkatuz. Horrez gain, etxebizitzetara iristeko erraztasuna, eraginkortasun energetikoa eta biziegokitasuna balioetsi dituzte. Datuak biltzeko, 2001eko biztanleria eta eraikinen errolda eta 2010ean egindako udaletako biztanleen errolda erabili dituzte.
Horren ostean, emaitzekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa birtual bat osatu dute, guneak dituzten premiaren arabera eremuak sailkatuz. Azkenik, 196 auzotan kaleko ikuskaritza lana egin dute, estatistiken egiazkotasuna baieztatzeko. Orotara, ikerketak 491.000 euroko aurrekontua izan du.
Sailkapena, beharren arabera
Zaurgarritasun maila altua edo oso altua duten eremu gehienak alde zaharretan, langile auzoetan eta inguru periferikoetan biltzen dira. Ikerketaren arabera, auzo tipologia bakoitzak berezko arazoak ditu.
Alde zaharretan, adibidez, etxeek ez dute egokitutako sarbiderik, eta gabezia nabarmenak dituzte, ekipamenduen eta oinarrizko zerbitzuen falta dela eta. Langileen auzoetan, berriz, etxebizitzak 1950 eta 1960ko hamarkadetan eraiki ziren, industriaren goreneko aldiak eragindako emigrazio handiari lotuta. Eraikuntzak kalitate txarrekoak izaten dira, eta etxeen azalera batez bestekoa baino askoz txikiagoa izan ohi da.
Hala, zaurgarritasun handiko guneak industria duten herri eta hirietan kokatzen dira, batik bat: Ezkerraldean zein Meatzaldean, Bizkaian; Laudion eta Amurrion, Araban; eta Pasaian, Donostian eta Deba arroko zenbait herritan, Gipuzkoan.
Zenbait nekazaritza eremuk ere esku hartzeko «premia handia» dute, Karrantzak (Bizkaia), esate baterako. Guztira, 681.466 pertsona bizi dira eremu horietan. De la Fuenteren ustez, datu «esanguratsua» da: «Susmatzen genuen 1950 eta 1960ko hamarkadetan eraikitako auzoek zaurgarritasun handia izango zutela. Baina ez genuen espero bakartutako gune batzuetan horrelakogizarte zein osasun laguntzaren beharra izatea».
Erdi mailako zaurgarritasuna, berriz, hirietako XIX. mendeko zabalguneek dute. Esanguratsua da gune horietan bakarrik bizi diren adineko pertsonen kopurua. Zaurgarritasun txikia bigarren zabalguneetan eta landa eremuetan izaten da gehienbat, eta oso baxua bigarren etxebizitza asko dituzten kostaldeko herrietan kokatzen da, batik bat. Eraginkortasun energetikoaren arloan, zaurgarritasun maila guztietako ermuetan daude gabeziak, eraikuntzen antzinatasunaren ondorioz, hain zuzen.
Bazterketaren mamua
Etxebizitzek dituzten arazoei aurre egiteko administrazio eta sailen arteko koordinazioa «beharrezkoa» dela nabarmendu du De la Puertak.
Haren iritziz, «zeharkako ekintzak» abiarazi beharko lirateke ahalik eta lasterren: «Ekiten ez badugu, etorkizunean bazterketa arazoak egon daitezke, baita gizartearen batasun falta bat ere».
Zaurgarritasun handiko eremuetan etxebizitzek dituzten gabeziak ezagutu ondoren hartuko dituzten neurriak zehaztuko dituztela azaldu du Etxebizitza zuzendariak. Hemendik aurrera hasiko dira hartuko dituzten neurri horiek zehazten.
Egoera txarrean edo oso txarrean dago EAEko hiru etxebizitzatik bat
Alde zaharretan, langile auzoetan eta inguru periferikoetan daude arazo handienak, Jaurlaritzaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu