Egoerak baduela atzera buelta esan diote Raxoik eta Jauregik Bilduri

Euskal presoak babesteak «ondorioak» ekar ditzakeela ohartarazi dio ministro sozialistak Bilduri

2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
ETAren indarkeria gaitzetsi gabe euskal presoak babesteak «ondorioak» izan ditzakeela ohartarazi dio Ramon Jauregi Espainiako Presidentzia ministroak Bilduri: «Bilduk euskal presoen alde egindako keinuak indarkeria gaitzetsi gabe badoaz, haren mezua eta diskurtsoa demokraziarekin bateraezinak izango dira; eta Bilduk badaki zein diren horren ondorioak».

Jauregiren ustez, «alderdikoiak» dira San Ignazio egunean eta Gasteizko festen hasierako ekitaldian Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak euskal presoen senide eta lagunentzat izandako «keinuak». Keinu horiek, gainera, ez zaizkiola «gustatzen» azaldu du; izan ere, Garitanok «bere mundua bakarrik ordezkatzen du, eta ez gipuzkoarrak», eta «ez ditu eginkizun instituzionalak betetzen».

Mariano Raxoi PPren Espainiako presidenteak, bestetik, adierazi du Bildu instituzioetatik ken dezaketela legeak aukera hori ematen duelako. Era berean, azaldu du Auzitegi Konstituzionalak «beste erabaki bat» hartzea «gustatuko» zitzaiokeela, baina «demokrata gisa eta zuzenbide estatuan sinesten duen pertsona izanik, auzitegiek hartzen dituzten erabakiak onartu behar ditut, gustatu ez arren».

Bestalde, Jauregik azaldu duBilduk «debekatutako alderdiekin loturarik» zuen aztertu zuela Espainiako Gobernuak.

Espainiako hauteskunde orokorretan Bilduk parte hartzeko izan dezakeen asmoari dagokionez, berriz, Jauregik dio ez dela «bereziki adierazgarria», eta «politikan parte hartzea erabakitzen badute, eta politikan parte hartze hori indarkeriaren behin betiko amaiera bada», besteek bezala izan behar dute «bidea irekita».

Adierazpen askatasuna

Fernando de Rosa Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteordeak azaldu du adierazpen askatasuna «edozein gauzaren gainetik» dagoela, «oinarrizko eskubideen aurka egiten ez duen bitartean».

De Rosak esanetan, «espetxe arazo bat duten pertsona batzuekin hitz egitera joatea ez da ezeren sintoma», eta gaineratu dubeste gauza bat izango litzatekeela «terrorismoaren, presoen edo horien jokaeren apologia» egitea. Baina «gerturatu eta horren inguruan hitz batzuk egitea adierazpen askatasuna da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.