Atxiloketak

Egoitz Martitegi atxilotu du Espainiako Poliziak Gernikan; asteazkenean atxilotutako seietatik lau aske geratu dira deklaratu ostean

Bart goizaldean Egoitz Martitegi Albizu atxilotu du Espainiako Poliziak Gernikan (Bizkaia). Espainiako Barne Ministerioak emandako azalpenen arabera, hilaren 27an Bizkaian eta Nafarroan egindako sarekadarekin du zerikusia atxiloketa horrek. Egun hartan sei lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta gaur ari dira deklaratzen, inkomunikatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ainara Artetxe, Gorka Lopez, Unai Gorostizaga eta Alberto Gilek deklaratu dute dagoeneko, eta laurak aske geratu dira. Arratsaldean zehar deklaratuko dute Maite Oruek eta Sue Lopezek.

2005eko uztailaren 30a
16:49
Entzun
Askatasunak jakinarazi duenez, goizaldeko ordubietan atxilotu du Egoitz Martitegi Espainiako Poliziak, kalean, neskalagunarekin etxera zihoala. Une batez neskalaguna ere erretenituta izan dute, baina gero libre utzi dute. Martitegi Espainiako Auzitegi Nazionalaren 5. instrukzio epaitegiaren aginduz atxilotu dutela zehaztu du Askatasunak. Espainiako Barne Ministerioakagiri baten bidez azaldu duenez, Egoitz Martitegi Madrilera eraman dute Informaziorako Polizia etxe Nagusira. Era berean, hilaren 27an, asteazkenean, Bizkaian eta Nafarroan egin zuten sarekadarekin lotu du Barne Ministerioak bart goizaldeko atxiloketa.

Sarekada hartanMaite Orue eta Gorka Lopez atxilotu zituen Espainiako Poliziak Gernikan; Sue Lorenzo Gomez eta Alberto Gil Rosado Bilbon; Ainara Artetxe Galdakaon (Bizkaia), eta Unai Gorostizaga Mendigorrian (Nafarroa). Dena den, azken hori ere bizkaitarra da, Arrankudiagakoa. Mendigorrian umeen kanpaleku baten atxilotu zuten. Harrezkero inkomunikatuta egon dira, eta gaur ari dira deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epailaren aurreko agerraldia ere inkomunikatuta egiten ari dira. Askatasunak azaldu duenez, Ainara Artetxek, Gorka Lopezek , Unai Gorostizagak eta Alberto Gilek deklaratu dute dagoeneko, eta laurak aske geratu dira. Jaso duten tratuari buruzko informaziorik ez du Askatasunak, ez baitu haiekin egoteko paradarik izan.

Nolanahi ere, Espainiako Barne Ministerioak eta polizia iturriek atxilotutako sei lagunek ETAren kaptazio taldearekin zutela zerikusia zabaldu zuten sarekada egin zen egunean, eta Ibon Fernandez Iradi presoari atzemandako agirietan oinarrituta atzeman zituztela. Azken urteetan dozenaka lagun atxilotu dituzte agiri horien aitzakian, eta haietako gehienek inkomunikatuta izan diren aldian tratu txarrak eta torturak jasan dituztela salatu dute. Atxilotu horietako asko libre geratu dira gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.